Tolosaldea IKT, bigarren Gipuzkoan

Irudian, infantil, junior eta absolutu mailako igerilariak. /  TOLOSALDEA IKT
Irudian, infantil, junior eta absolutu mailako igerilariak. / TOLOSALDEA IKT

Irunen jokatutako Gipuzkoako Txapelketan infantil, junior eta absolutu mailako igerilariek hartu dute parte

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOTOLOSA.

Uda garaia izanik, igerilekuak ez du atsedenik hartu eskualdeko igeriketa taldearentzat, eta dominak eskuratzeko lehian dihardu. Garaipena lortuz eman zion hasiera Tolosaldea IKT igeriketa taldeak uztailari.

Infantil, junior eta absolutu mailako igerilariek parte hartu zuten uztaila hasieran Irunen jokatu zen Gipuzkoako Txapelketan. Guztira, 28 igerilarik parte hartu zuten, eta 90 domina lortu zituzten.

Emakumezkoetan, igerilariek hirugarren postua lortu zuten, eta gizonezkoen, aldiz, bigarren postua. Sailkapen orokorrari dagokionez, bigarren postua eskuratu du taldeak.

Zuriñe Del Pozo taldeko kideak azaldu duenez, «infantil gehienek azken txapelketa zuten denboraldi honetan, gogotsu joan ziren, eta gehienek euren markak hobetu zituzten. Junior eta absolutuetan Espainiako gutxieneko zenbait marka lortu dituzte. Junior eta absolutuek denbora gehiago daramate igerian, eta, beraz, beraientzat markak jaistea gero eta zailagoa izan ohi da». Bestalde, taldetik nabarmendu dutenez, absolutu mailako mutiletan 4x100 metro estiloetan bigarren postua lortu zuten.

Datozen asteetan, egutegiak hainbat txapelketa eskainiko ditu; izan ere, Tolosaldea IKTko igerilariek Espainiako Txapelketetan hartuko dute parte. Alebin mailan, gutxieneko markak lortu dituzte Unai Zubeldiak, Markel Garmendiak, Oinatz Azkoitiak, Joanes Ruizek eta Nahia Crsitobalenak. Infantiletan, berriz, Leire Maritxalar rek eta Gorka Duranek hartuko dute parte.

Junior eta absolutu mailetan Eneko Garmendia, Eneko Barriola, Maddi Barriola eta Irati Arzalluz joango dira. Datei dagokienez, alebinak uztailaren 20 eta 21eko asteburuan doaz Tarragonara; infantilak Bartzelonara uztailaren 27 eta 28ko asteburuan Espainiako Udako Infantil Mailako Txapelketara; eta junior eta absolutuak abuztuaren 3 eta 4ko asteburuan Terrasara joango dira.