Tolosako Udalak eta Galtzaundik hitzarmena berritu dute
Galtzaundi Udaleko Euskara Sailaren osagarria da, eta hizkuntzaren normalizazioan eta sustapenean aurrera pausoak emateko «ezinbestekoa»
TOLOSA.
Martes, 7 de septiembre 2021, 23:54
Tolosako Udalak eta Galtzaundi Euskara Elkarteak euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzen jarraitzea xede duen elkarlanerako hitzarmena berritu dute. Xabier Balerdik, euskara zinegotziak, adierazi duenez, «Galtzaundiren lana Euskara Sailak egiten duen lanaren osagarria da, hizkuntzaren normalizaziorako eta sustapenerako ezinbestekoa. Hori dela eta, Galtzaundirekin zein gainerako eragileekin elkarlanean aritzea funtsezkoa da hizkuntza politika partekatuak sustatzeko, helburu amankomunak finkatu eta eragin handiagoko urratsak egiteko».
Publicidad
Tolosako Udalak diruz lagunduko ditu Galtzaundik urtero sustatu ohi dituen egitasmoak, baita beste hainbat ekintza ere: euskararen erabilerari buruzko behaketa eta azterketa lanak, Mintzalaguna, merkataritza eta ostalaritzako euskara programa, kirola eta aisialdiko euskara programa hizkuntza ohituretan eta erabileran eragiteko, Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketa, Euskaraldiaren dinamizazioa, Euskararen Eguna, Korrika, Errigora edota Ikaskoli bezalako egitasmoen sustapena eta Hezkuntza Sektore Mahaiaren dinamizazioa, besteak beste.
Hitzarmenak urtebeteko iraunaldia izango du, eta akordioaren baitan Galtzaundik, Tolosako Euskararen Aholku Kontseiluan aktiboki hartuko du parte.
Euskararen Aholku Kontseilua berriki sortu den organoa da, hizkuntza politika partekatua sustatzeko. Kontseiluak Udalari lagunduko dio euskaren inguruko plan estrategikoak diseinatzen eta garatzen. Udalak duen euskara planari jarraipena ematearekin batera, udalak eragileekin osatua duen euskara sustatzeko ekintza planaren jarraipena ere egingo da, horregatik ezinbestekotzat jotzen dute eragile ezberdinen parte hartzea, hizkuntza normalizazioaren alorrean, elkarlanetik, irmoki lan egiten jarraitzeko. Balerdik ondokoa azpimarratu du: «Erakundeek eta gizarte eragileek indarrak batuta lan egin behar dute hizkuntza normalizazioaren alorrean hizkuntza politikako beharrei modu egokiagoan erantzuteko, eta, beraz, ezinbestekoa da Galtzaundi elkartearekin lankidetzan orain arte egindako lanari jarraipena ematea, euskararen alde».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión