Tolosako Jabetze Eskolak prest ditu udazkeneko jarduerak

Besteak beste, makume zaintzaileentzako tailerra prestatu dute /Arizmendi
Besteak beste, makume zaintzaileentzako tailerra prestatu dute / Arizmendi

«Espazio hau emakumeon partaidetza eta jabekuntza sendotzeko dago diseinatua, autonomian eta norberaren konfidantzan irabazteko helburuz. Iaztik, gizonei zuzendutako ikastaroa ere programatzen dugu»

Urriaren 3an hasita, azaroaren amaierararte luzatuko da ikasturteko Tolosako Jabetze Eskolaren udazkeneko tartea. Aurreko ikasturtean harrera ona izan zuten programatutako bi denboraldiek (udazkena eta udaberria) Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkate eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez. Burututako 30 jardueretan «327 izen-emate izan genituen, eta 291 pertsonek parte hartu zuten. 11 jarduera gehiago programatu ziren eta ondorioz, ia 100 partaide gehiago izan ziren. Erantzuna eta interesa nabarmenak dira».

Gauzak horrela, oraingoan 11 jarduera antolatu dituzte, eta tolosarrei zein interesa dutenak asebetuko dituela aurreikusi du zinegotziak: «Espazio hau emakumeon partaidetza eta jabekuntza sendotzeko dago diseinatua, autonomian eta norberaren konfidantzan irabazteko helburuz. Iaztik gizonei zuzendutako ikastaroa ere programatzen dugu gainera, helburu horretan guztiok bat sakontzeko. Egitarau anitza da eskuartean duguna eta helburu dugu praktikoa izatea, betiere egunerokotasunean sortzen zaizkigun gaiei aurre egiteko ezagutzak emanaz».

Gainera, estreinakoz, Jabetze Eskolaren irekiera kontzertua egingo dute. Duo Jade bikoteak izango du ardura. Irailaren 18an izango da, arratsaldeko 19:30etan, Zerkausian, Amaia Agirre bertsolariak aurkeztuta.

Aurreko ikasturteetan arrakastatsuak suertatu direnek jarraipena izango dute eta partaide zein interesatuek proposatutako beste gai eta ikastaro batzuk ere txertatu dira.

Hamaika jarduera

Antolatutako hamaika jardueren artean daude, besteakbeste, 'Berdintasunezko eta tratu oneko loturak', Pepa Bojó Ballesterren eskutik; Olatz Garcia Caminosen 'Txalaparta ikastaroa'; Tolosako Udal liburutegiarekin elkarlanean, 'Munduko Emakumeen literatura' ikastaroa,Mertxe Tranche Iparraguirre izango duena buru; 'Zaintza begirada berri bat: zaindu, geure burua zainduz. Emakume zaintzaileentzako tailerra' Kontxi López Soriaren eskutik; 'Zirriborroetan bagara: mugitzen ari diren gorputzen laborategia', Oihana Andueza Garcia psikologoarekin; 'Autodefentsa feminista', Maitena Monroy Romeroren gidaritzapean; 'Maskulinitateak eta indarkeria matxisten prebentzioa', Mikel Otxotorena Fernandezen eskutik; Solasaldia 'Sin reglas. Erótica y libertad femenina en la madurez' Anna Freixas Farré liburuaren egilearekin; eta adineko emakumeen aurkako indarkeriari buruzko solasaldia, 'Indarkeria isildua', Izaskun Solagaistua Arza psikologoarekin.

Ohikoa denez, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailak gunea antolatuko du ekitaldiotarako, Tolosako Berdintasun Sailaren laguntzarekin, beste jatorri kultural batzuetako emakumeei zuzenduta. Ohiko topaketez gain, informazioarekin, gogoetarekin eta aisialdiarekin lotura duten hainbat jarduera eskaintzea da asmoa. Parte hartu nahi duen orok Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailarekin jarri behar du harremanetan.

Ohi bezala, Kultur Etxean burutuko dira izen-emateak eta matrikulak astelehenetik aurrera, irailak 10, ordutegi honetan: goizeko 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:30etara; edota 943 670 383ra deituz edo berdintasuna@tolosa.eus -era idatziz egin beharko dira. Dohaineko haurtzaindegi-zerbitzua egongo da behar duenaren eskura.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos