Oriako-Limousinen emaitza oparoak udaberrian

DV TOLOSA.

Oriako-Limousin taldeko txirrindulariek emaitza bikainak lortu dituzte. Udaberriarekin batera, emaitza oparoak lortu dituzte txirrindulari gazteek errepidean jokatu dituzten lasterketa ezberdinetan. Junior mailan, Naia Amondarain ibartarrak, joan den astean, Burgosko Itzulian parte hartu zuen. Itzuliko lehen egunean, garaipena eta lidertza lortu zituen; bigarren egunean, ordea, ezin izan zion lidertzari eutsi, eta azken egunean, berriz ere besoak altxatzea lortu zuen. Hiru egunetan, bi etapa garaipen eta erregulartasuna lortuta itzuli zen etxera.

Larunbatean Balmasedan jokatu zen nesken Espainiako Kopa. Naia Amondarainek garaipena eskuratu zuen; azkena Villasana de Menan lortu du, parte hartu duen bost probetatik lauretan garaipena eskuratuz. Denboraldi bikainari esker, Europa mailan lasterketak lehiatu ditu Espainiako selekzioarekin, errepideko nahiz pistako hautatzaileek deituta.

Junior mailako mutilek ere emaitza bikainak lortu zituzten Azpeitian jokatutako XXIV. Gipuzkoa Klasikan. Maila handiko txirrindulariak izan ziren, Espainiako taldeak, selekzioa eta Portugalgo junior mailako selekzioa ere bertan izan baitziren. 108km.-ko ibilbidea, 43 km/h batez besteko abiaduran. Hirugarren postuan, Iñaki Diaz Melero tolosarra sailkatu zen. Apirilaren 28an, Amurrion jokatu zen III. Sari Nagusian, hirugarren sailkatu zen Julen Dorronsoro albizturtarra, eta hurrengo egunean, Idiazabalgo Sarian parte hartu zuten juniorren artean, Iñaki Murua altzotarrak garaipena lortu zuen. Mendiko sarian ere puntu gehien lortu zituen. Bestalde, Iñaki Diaz zazpigarren sailkatu zen taldekideari lan bikaina egin eta gero. Altzotarrak negu honetan pistan egin duen denboraldi bikainari esker eta Espainiako pistako txapelketetan eskaini duen mailari esker Espainiako pistako auta-tzaileak deialdia egin dio.

Kadete maila, berriz, ari dira eguzki printzen indarra jasotzen eta azken lasterketetan goranzko joera egin du. Infantil eta alebin mailakoek erlojupeko Gipuzkoako Txapelketa izan zuten hilaren 5ean, Irunen. Nesken taldeen arteko erlojupekoa, Eneritz Goikoetxea eta Ayala Serrano alebinek irabazi zuten Infantil mailako Irene, Uxue, Naroa eta Amaiak hirugarren postua eskuratu zuten. Mutiletan, Orats, Eñaut, Aitor, Martin eta Manex alebinak hirugarren sailkatu ziren. Infantilen lasterketan, Urko, Eneko, Yon Mikel, Nikolay eta Anderren taldeak Gipuzkoako Txapelketa eskuratu zuen.

 

Fotos

Vídeos