Behatokiak ekintza plana zehaztu du jai berdinzaleen alde
2021-2024 arteko plana udazkenean aurkeztuko dute, eta jaietan berdintasuna eta parekidetasuna sustatzeko urratsak ematen jarraitzea du helburu
Tolosako Udalak jai berdinzaleagoen aldeko lanketan urratsak ematen jarraitzen du, eta Jaien Berdintasun Behatokiaren lehen ekintza plana garatu du, berdintasuna eta parekidetasuna zeharkakotasunez, erakunde, herritar eta eragileekin jaien esparruan lantzeko, baita gizarteko gainerako arloetan ere.
Urte askotako ibilbidea egin ondoren jai berdinzaleen alde, 2017an hasi zen Jaien Berdintasun Behatokia Tolosako San Joan jaiak berdintasunaren ikuspegitik aztertzen. Ondoren, Larramendi auzoko jaiak gehitu ziren, eta azken azterketa 2020an egin zen inauterien inguruan.
Berdintasun Behatokiak egun orain arteko ikerketetan eta udal sailekin eta herriko hainbat eragilerekin egindako elkarrizketetan oinarritutako ekintza plana osatu du. Jaiak eta gizartea aldatzen diren heinean, ekintza planak egokitzeko gaitasuna du.
Azterketak lau ardatz nagusi ditu: behatokiaren eginkizunak eta antolakuntza modu sistematizatu batean garatzea, Tolosako jaien antolakuntza berdinzaleagoa sustatzea, jaietako jardueretan genero ikuspegi kritikoa txertatzea, eta indarkeria matxistarik gabeko jaiak bultzatzea.
Ekintza plana datozen lau urteotan garatuko da, eta hainbat ekintza egingo dira denbora tarte horretan jai berdinzaleagoen aldeko lanketa sustatzeko. Ekintza zehatzak udazkenean aurkeztuko dira.
Jaien Berdintasun Behatokia Tolosako Udaleko berdintasun eta jaietako sailen arteko elkarlanaren bitartez sustatzen da, baina ekintza planak helburu du berdintasunaren aldeko lanketa zeharkakotasunez garatzea eta gizarteratzea. Hori horrela, lau ardatzak kontuan izanik, jaietan inplikazioa duten udal sail edo eragileek euren proposamenak egin ahal izango dituzte 'Proposamenen kutxa' eta egutegiaren bitartez.
Tolosa, aitzindari
Era berean, Emakundek Euskadiko bederatzi herrietako jaietan eredu parte-hartzaile eta berdinzaleagoak sustatzeko estrategiak aztertu ditu, horien artean Tolosan San Joan jaien eta Inauterien inguruan egiten den lanketa. Emakundek adierazi duenez, «Tolosa aitzindaria izan da Inauteri eta San Joan jaietako jarduerak berdintasunean aurrera egiteko lan-eremutzat hartzen».
Hori horrela, udazkenean aurkeztuko den ekintza planak «jai berdinzaleagoen alde urrats irmoak ematen jarraitzea» du helburu.