Agurtzane Belaunzaran: «Etxera begi berriekin itzultzea da bidaia»

Agurtzane Belaunzaran, Turkiako Kapadozian./
Agurtzane Belaunzaran, Turkiako Kapadozian.

Amalur Jardunaldiek Agurtzane Belaunzaranen 'Munduminez' saioa eskainiko dute gaur Topic-en

E. ARANDIATOLOSA.

Agurtzane Belaunzaranen istorioan (Berrobi, 1979) bidaia batek beste bati eman dio bidea azken hamabi urteotan. Duela bost Indian gidari-lanak egiten hasi zen, eta, geroztik, hainbat herrialdetan izan da lanean. Bidaietan sortu zaizkion kezkez eta bizitzako esperientziez mintzatuko da gaur Amalur jardunaldietan (19:30ean, Topic-en), 'Munduminez' izeneko euskarazko saioan.

-Erraza al da egun bidaiari izatea?

-Zergatik ez? Zein motatako bidaiaria izan nahi duzun da kontua... Bidaiek ez dute urrunera bideratu behar. Merke bidaiatzeko modu gehiago ezagutzen ditu garesti bidaiatzeko aukerak baino. Autostopean, bizikletan, kanpin dendan lo eginez, autobus publikoetan, oinez mendi zeharkaldia eginez, jatetxeetan jatea ekiditen... merke bidaiatu daiteke. Garesti bidaiatu nahi duzula? Lan asko egin eta bilatzen duzun konforta topatuko duzu munduaren azken muturrean. Baina, gustuen araberakoa da. Egun, teknologiek ere bidaiatzeko modua asko aldatu dute, aurretik antolatu daiteke guztia. Sorpresek ia ez dute tokirik, eta esentzia galtzen du bidaiak nire iritziz.

-Diozu bidaiatzea tokiak eta bertako jendea ezagutzea dela...

-Bidaia tokiak ezagutzea baino gehiago, etxera begi berriekin itzultzea da. Zerbait ikasita ekarri duzun ustea duzunean, bidaiak zentzua hartzen du nire kasuan. Tokiek, paisaiek, basoek... asko erakutsi didate; natura errespetatzen eta aintzakotzat hartzen ikasi dut. Jendeak, berriz, ikaragarri erakutsi dit, batez ere, mundua pertsona onez betea dagoela, azal kolorea eta erlijioa dena dela ere. Komunikabideek jendearen ankerkeriak bakarrik erakusten dizkiguten arren, bihotz honeko jendea topatu dut nire bidean. Azken finean, oinarrian gizakiaren beharrak eta nahiak berdinak dira toki guztietan.

-Nola aldatu da zure esperientzia herrialde horietan emakume gisa?

-Oso ona. Iranen buruan zapia jarri behar izaten dugu, baina toki guztietan esperientzia onak izan ditut. Emakume izateak ere herrialde musulmanetan emakumeengana hurbiltzeko aukera ematen dizu. Gogoan dut Kurdistan iraniarrean, emakume batek kontsulta sexual bat egin zidala. Aho bete hortz gelditu nintzen; egun harremana mantentzen dut emakumearekin online. Mozambiken, Zimbabwen, Ginean eta Turkian korrika egitera joaten naiz, eta lasaitasun osoz, gainera.

-Urtean zazpi aldiz bidaiatzen duzu, eta egun, Zeelanda Berrian, Iranen, eta Afrikan egiten duzu lan...

-Bai, Zeelanda Berrian hemengo negua pasatzen dut eta uda Zimbabwen eta Mozambiken. Gabonak Ginea Bissaun pasa nituen, eta Astea Santuan Turkian izango naiz. Iran udazkeneko helmuga izan ohi da. Herrialde oso ezberdinak dira bata bestearekiko, eskola ezberdinak dira niretzako, errealitate guztiz muturrekoak. Afrikak asko erakusten dit, benetako baloreak balioesten, esaterako. Bizitzan benetan garrantzitsuak diren gauzen zerrendan sailkapen egokia egiten. Iranek, berriz, zer esanik ez. Gaizkiaren ardatzean dagoen herrialde honek, hain prentsa txarra duenak, jende ezin abegikorragoa du. Bitxiak dira bisitarien jatorriari buruzko galderak egiten, ezkontzetara gonbidatu izan gaituzte. Moral bikoitzeko herrialdea da. Guztia dago debekatuta, baina dena posible. 40 urteko iraultzaren ondoren jendeak itogarria den diktadura horretan arnas hartzeko zirrikituak bilatzen ditu.

Afrikak oinarrizkoa balioesten erakutsi dit. Parke nazionaletan egindako safarietan animali basatiekin topatu naiz eta esperientzia ederra izan da.

-Zer tokik markatu zaitu gehien?

-Guztiek. Indiako kaosa bakarra da; Indonesiako urak, ikusgarriak; Birmanian bizikletaz bidaiatzea, ederra; Irango eta Kurdistango abegikortasuna, zer esanik ez... Baina, toki bat aukeratu beharko banu, hala ere, dudarik gabe, Mozambike izango litzateke. Ozeano Indikoari lotua, kostaldean arabiarren eragina nabaria da, Afrika beltzeko funtsa eta alaitasuna ditu herrialdeak.