Tobera Musika-eskolak dena du prest ikasturteari irailean ekiteko
Aurrez, 24an, txistuko eta euskal dantzatako ikasleek Zegamako jaietan parte hartuko dute, eta 28an, trikitikoek, panderokoek eta perkusiokoek
Konturatzerako, ia joan egin zaigu udako oporraldia. Tobera Musika- eta Dantza-eskola berriz martxan hastekotan da jada. Ekainaren bukaerako Segurako eta Zegamako ikasturte-amaierako musika-jaialdiak eta uztaileko Zegamako erretiratuen eguneko ekintzak urrun geratu dira, eta oraindik ere falta da pixka bat 2022/2023 ikasturteari ekiteko, baina laster asko jendaurrean aritzeko aukera izango dute berriro musika-eskolako ikasleek.
Hain zuzen ere, abuztuaren 24an arkua eta desfilea egingo dituzte dantzatako zenbait ikaslek, goizeko 11:00etan Zegamako Anduetzako ermitan hasita. Segidan, San Bartolome herriko zaindariaren eguna dela kontuan hartuta, Zegamako jai-egitarauaren barruan, dantza egingo dute Toberako dantza-taldeetako 6k plazan. Hala egiten duten 19. aldia izango da: segidan eta hutsik egin gabe 18 urte izan ziren 2019ra arte eta, azken 2 urteetako etenaldia eta gero, aurtengoa 19.a izango da. Tobera horretan hasi aurretik, Zegaman zegoen dantza-taldearena zen zeregin hori. Dantza-talde hura desegin eta urte batzuk joan ziren hutsunearekin, Toberak lekukoa hartu arte. Beraz, tradizio handiko dantzaldia da abuztuaren 24koa Zegaman. Eguerdiko ordu batak aldera hasiko da, agintarien soka-dantza amaitu eta berehala. Txistulari-banda izango dute lagun. Agurrarekin hasiko dute emanaldia eta fandango eta arin-arinarekin bukatuko dute saioa Zegamako dantzari gazteek. Tartean Txulalai, San Petit, Bolant dan-tza, Kaskarot, Banakoa eta Zinta-dantza izango dira ikusgai eta entzungai. 77 zegamarrek eman dute izena euskal dantzatan hurrengo ikasturtean.
Bestalde, trikitiko, panderoko eta perkusioko ikasleek 28an joko dute Zegaman, erraldoi eta buruhandien kalejiran.
Irailaren 7an, ordutegiak
Festetako ajea gainditzeko astia utzita, irailaren 8an hasiko ditu musika-eskolak 2022/2023 ikasturteko eskolak. Bezperan, ordea, ordutegiak banatuko dizkie instrumentuan izena eman duten ikasleei.
Arratsaldeko 17:30ean Zegamako Aitxurira agertu beharko dute musika-tresnetako ikasleek, eta, musika-tresna bakoitzeko irakaslearekin elkartuta, 2022/2023 ikasturterako ordutegia zehaztuko dute.
Seguran eskolak hartuko dituztenek Segurako musika-eskolaren egoitzara joan beharko dute egun horretan arratsaldeko 19:00etan. Horiek bakarkako saioak dira. Taldeen ordutegiak, berriz, irailaren hasieran jarriko dira Zegamako eta Segurako kultura-etxeetako sarreretan. Hastear den ikasturtean, instrumentuetako eskolak Zerainen bertan jasotzeko aukera izango dute hango ikasleek, 4 ikasle bata bestearen atzetik antolatzeko aukera baldin badago behintzat.
Ongi jakina da herriaren alde egitea dela Tobera Musika- eta Dantza-eskolan izena ematea. 2021/22 ikasturtean % 23ko igoera izan zuten ikasle- eta matrikula-kopuruek urtebete lehenagokoekiko. 2022/2023an kopuru altuei eutsi die Toberak, bailaran dagoen musikazaletasun handiaren erakusgarri.