Borrar

Talo eguna izango da igande honetan Leitzan

Bestalde, Plazaolako Maratoi Erdiaren irteerak goiz-goizetik sortuko du festa giroa bertan

E.B.

LEITZA.

Viernes, 14 de septiembre 2018, 00:34

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Igande honetan, taloa izango da protagonista Leitzan. Beste urte batez, Leitzako Udalak eta Plazaola Partzuergo Turistikoak antolatu dute. Goizeko 11:00etan Talo Lehiaketarako (hamargarren edizioa) izena emateko zerrenda irekiko da. Eguerdiko 13:00etan epaileek dastatuko dituzte aurkeztutako taloak eta 13:30ean emango dute euren epaia, eta irabazleen sari banaketa izango da (klasifikatzen direnen lehenengo hiruentzako sariak egongo dira).

Ohitura den bezala, talogile ezberdinen postuak egongo dira, eta Saralegi eta Villabona talogileek hasiera emango diote festari goizeko 10:00etan, azoka irekiz. Gero, gure gastronomia tradizionalari lotutako jarduerak erakutsiko dira (bertoko tabernek eta jatetxeek euren taloan oinarrituako 'sorkuntza kulinarioak' erakutsiko dituzte udaletxeko karrapean), taloarekin eta baserriarekin zerikusia duten erakusketak izango baitira (tresna zaharren eta baserriko lanetan aritzeko elementu tradizionalen erakusketa izango da); hala nola, artisautzarekin ere zerikusia duten postu ezberdinak aurkituko ditugu: gaztak, sagardoa, larrua, eztia, zuraren taila, bitxiak, gozogintza, etabar. Horrela, taloak protagonismoa izango badu ere, bertako ekoizleek eta produktuek ere toki berezia izango dute, lehenengo sektorea eta eskulangintza goraipatuz eta aldarrikatuz.

Arratsaldean, merezitako bazkariko atsedenaldiaren ostean, artisau postuak egongo dira plazan 16:30etik aurrera. Taloak dastatzeko aukera ezin hobea, Saralegi taloen eta Villabona taloen eskutik. Tresna zaharren erakusketa ere hantxe jarraituko du.

Baina dudarik gabe, arratsalde horretan ikusmina Irrintzi Txapelketarekin izango da. Hain zuzen, 18:00etatik aurrera gazte eta helduen txapelketarekin. Leitzaldeko bigarren irrintzi txapelketa izango da. Bigarren edizio honetarako hiru kategoria finkatu dira: haurrak, gazteak eta helduak. Izen ematea goizeko 11:00etan izango da, udaletxeko karrapean; eta 12:00etan haurren txapelketa egingo da. Haurrek emango diote hasiera Leitzaldeko II. Irrintzi Txapelketari.

Maratoi erdia Plazaolan

Plazaolako Maratoi Erdiaren irteerak goiz-goizetik sortuko du festa giroa Leitzan. Goizean goiz sumatuko da festa giroa Leitzan. 09:00etan ehundaka korrikalarik izango dute hitzordua herriko plazan eta, bertatik, Andoainerantz abiatuko dira 26 kilometroko lasterketa zoragarrian. Hauek Lekunberritik etortzen diren korrikalariekin bat egingo dute Plazaolako Natur Bidean. Guztiek Andoaingo helmuga berbera badute ere, Lekunberrikoek berriz, 42 kilometroko distantzia (maratoia) egingo dute.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios