Tolosa Goierri
Talai Dantza berreskuratzearen 50. urte beteko dira inauteri hauetanAsteburu honetan aterako dira Talai Dantzariak eta igandeko saioa berezia izango da herrigunera iristen direnean
Amaia Núñez
Amezketa.
Miércoles, 26 de febrero 2025, 20:04
50 urte beteko dira asteburu honetan Talai Dantzariak berriro Inauteri asteburuan ateratzen hasi zirenetik. Horregatik, emanaldi berezia prestatzen aritu dira, duela mende erdi Koldo Saralegi eta lagunek hasitako bideari jarraipena eman dioten guztiei eskainia izango dena.
Larunbatean eta igandean, martxoaren 1ean eta 2an, aterako dira. Oraingoan 60 gazte elkartuko dira eta iganderako ehundik gora izatea aurreikusten dute. Larunbatean ohiko ibilbidea egingo dute. Bi talde osatuko dituzte eta batzuk Bedaio aldera joango dira eta besteak Amezketako baserrietatik egingo dute dantza.
Igandean berriz, izena eman duten gazte kopuruari esker, hiru talde osatuko dituzte. Horrela, goizeko 08:00etatik aurrera, ba-tzuk Zubillaga auzo ingurua egingo dute, besteak Ugarte auzoan barrena arituko dira eta, hirigarren taldeak baserri solte batzuk eta Ergone auzoa egingo ditu.
Guztiek herriguneko sarreran dagoen biribilgunean bat egingo dute, 12.00ak aldera, nahiz eta ordua beti gutxi gora-behera izaten den. Hortik aurrera hasiko da ekitaldi berezia. «Deialdia egin da lehendik ere dantzan, trikitilari edota poltsero ibili direnak bertan azaltzeko», azaltzen du Jokin Artola, Talai dantzari beteranoetako bat eta urturrenaren antolakuntzan aritu dena. Biribilgunetik plazara bitarteko kalegune hori denak batera egingo dute. «Oraingo dantzari gazteak, lehengoak... denak juntatu eta soka edo ilara luze batean kalea pasatzeko». Ez dakite ziur zenbat beterano gerturatuko diren, baina ehundik gora lagun izatea espero dute.
San Bartolome kalea elkarrekin gurutzatu ondoren, 14.00ak aldera iritsiko dira plazara aurtengo Talai Dantzari amaiera emateko. Bertan, guztientzako mokadutxoa eskainiko da, «garai bateko kontuak kontatuz».
Mende erdiko ekitaldiak ez dira, hala ere, igandean amaituko. Talai Dantzaren inguruko dokumental bat ari dira prestatzen. Urte hauetan guztietan parte har-tzen aritu diren pertsonei elkarrizketak egiten ari dira, besteak beste. Emaitza maiatzaren 10ean aurkeztuko dute. Gainera, Nafarroako egunean parte hartzeko gonbidapena jaso dute.
Azken entsegua
Amaierako mokadutxorako ma-haiak jartzeko 11:00etan elkartuko dira plazan. Momentu horretan ere beteranoentzat azken entsegua egingo da eta, oraindik entsegurik egin ez dutenek ere, aukera izango dute. Parte hartu nahi dutenek oraindik ere izena emateko aukera dute, Jokin Artolari deituta 695 712 610 telefonora.
Inauterietarako autobusa
Amezketa, Abaltzisketa eta Alegiko udalek Iñauterietarako autobus zerbitzu errefortzu bat jarriko dute aurten. Zerbitzu hau herritarren beharrei erantzuteko asmoarekin antolatu da. Ohiko gaueko zerbitzuez gain, ostegun, igande eta astelehenean goizaldeko 04:00etan beste zerbitzu bat egongo da, nahiz eta Lurraldebusen web orrialdean ez den azaltzen. Autobusa Tolosako Santa Klara geltokitik aterako da eta Alegia, Amezketa eta Abaltzisketan, ohiko lekuetan egingo ditu geldialdiak.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.