Sormenaren Kabiak baditu lehen txoriak

Kimia Kamvari Alkizan aritu da lanean bi astez. /  NÚÑEZ
Kimia Kamvari Alkizan aritu da lanean bi astez. / NÚÑEZ

NÚÑEZ ALKIZA.

Alkizako Sormenaren Kabia hasi da betetzen. Lehen bi sarituak, Kimia Kamvari eta Txiki Keixeta Alkizan dira jada bere egonaldirako. Kimiak bere bigarren astea du eta igandean itzuliko da Astigarretara, Alkizako esperientziekin betea.

Kimia Kamvari Alemaniako Kolonian jaio zen, nahiz eta gaztaroa Teheranen igaro zuen. Duela hiru urtetik Beasaingo Astigarreta auzoan bizi da. Aldaketa horretan oinarritutako esperientziaren emaitza aurkeztuko du azaroan Cristina Enean egingo duen erakusketan.

Alkizako egonaldian hori guztia antolatzen ari da, gizakiak eta naturak duen erlazioa oinarri hartuta. Izan ere, Teherandik etortzea berarentzat «lurrera jaistea» bezala izan dela aitortzen du. «Benetan altuera jaitsi dugu, orain mendian gauden arren, Teheranek Hernioren altuera baitauka. Horrek airearen presioan eragina du, hemen gehiago da eta hori nabari dut. Orain errealitatea bizitzen ari naizenaren sentsazioa dut», dio. «Teheranek ere gauza oso interesgarriak ditu, baina hemen, naturaz inguratuta, erlazioak eraiki behar dituzu, benetako abiaduran».

Alkizan, dena den, etxean bezala sentitzen da. Izan ere, lehenengo egunean Herniora igo zen herritar batzuekin. Handik Murumendi ikusi zuen, tontor ezaguna eta Astigarretatik askotan igo duena. Bere lana tokian-tokikoa bezala deskribatzen du, «inguruan aurkitu ditzakedan materialekin, aukerekin, paisaiarekin lan egiten dut. Hiritik urrun egoteak dituen mugak sortzen duen aukera da. Beti naturan oinarrituta». Baina ez du naturaren irudi orokorra eta erromantikoa hartzen, baizik modu «ontologikoagoan eta sakonagoan».

Gizakiaren eta naturaren arteko erlazio horretan perretxikoek garrantzi handia dute. «Interesatzen zait nola erlazionatzen den gizakia naturarekin perretxikoen bila joatea bezalako ekintza batekin», azaltzen du. Horretarako herritarrekin ibilaldiak egin ditu «inguruarekin, paisaiarekin duten erlazioa ikusteko. Perretxikoak, fungus-a, mizelioa... mundu misteriotsua da guztia, milaka faktorek eragiten dutena». Kimia Kamvarik bere ibilbidea pinturan hasi bazuen ere, azken urteetan argazkilaritza landu du gehiago. Hanibal Alkhas, Arabali Sherve y Hossein Maher margolariekin ikasten aritu zen gaztaroan. «Hazten nindoan heinean pintura mugatua ikusten nuen eta horretatik atera nahi izan nuen. Argazkilaritza analogikoa erabili nuen. Gehiago gustatzen zait ukigarria delako, niretzat teknologiarekin erlazionatzea oso zaila delako», azaltzen du eta gaineratzen du Astigarretara iristeak bere «ibilbidean aldaketa handia ekarri du. Oso instintiboa da nire lanarekin dudan esperientzia hau eta jarraituko duela uste dut». Honela, Cristina Enean diziplina anitzeko erakusketa ikusiko da, gizakiaren eta naturaren arteko erlazioa azterketaren ondorio.

 

Fotos

Vídeos