Sormenaren Kabia artisten zain dago berriro
Izena emateko epea zabalik da uztailaren 5a bitartean
NÚÑEZ
Alkiza.
Ostirala, 4 ekaina 2021, 00:09
Laugarren urtez Alkizako Sormenaren Kabiak bere ateak irekiko ditu datorren udazkenean. Aste honetan aurkeztu dute beka deialdi berria herritarren musikaz eta bertsoz lagunduta, izan ere, aurtengoan «hitzetan jarri nahi izan dugu azpimarra», azaldu zuten, aurreko urteetan argazkilari ugari izan ondoren.
Koldobika Jauregi artistarekin batera, Mariasun Landa idazleak, Susana Cencillo musikariak eta Txiki Keixeta margolariak eta eskultoreak, lehenengo edizioko sariduna ere izan zenak, osatuko dute epaimahaia. «Proiektuak baloratzeko orduan zeintzuk gustatzen zaizkigun eta Alkiza bezalako herri batean izan dezaketen garapena baloratuko dugu», adierazi zuen Koldobika Jauregik.
Iñaki Irazabalbeitia alkateak ere ildo berean azaldu zuen, «hau ez da bakarrik margolarientzat, eskultoreentzat... kultura eta mundu artistikoa eta espresio artistikoa askoz ere zabalagoa da». Helburua «sormen hori lanean jartzea da. Guk daukagun paraje bat, eta parada izan nahi dugu sormen hori sortzeko eta elikatzeko».
Imanol Lizardi eta Manu Urruzola herritarrek idatzitako bertsoarekin eman zioten hasiera ekitaldiari. Urruzolak berak abestu zuen bertsoa eta Shrabani Aranzabek pianoarekin eta Mattin Lizardik gitarrarekin lagunduta. «Pozgarria da kulturarekin lotura duten herritarrak egotea. Herri txiki bat gara eta kulturarekiko miresgarritasun hori zabaltzen joan nahi dugu», gogoratu zuen Jauregik.
Beka jasotzen duten bi artistek, hiru asteko egonaldian, Jauregiren aholkularitza jaso ahal izango dute. «Herri txikia izanda ere, familia handi bat sortzea» da helburua, Edurne Ayuso dinamizatzaileak aipatu bezala, «Txikik lortu zuen adibidez herritarrekin hartu eman bat sortzea», aurtengo bekadunentzako erreferente jarriz Alkizan egin zuen lana. Jauregik azpimarratu zuen herritarren parte hartzearen garrantzia: «badakigu artisten lana bakartia dela, baina herritarrekiko malgutasun bat izatea, herrian ibiltzea eta herritarrekin sortzeko sinergiak edukitzea ondo legoke».
Txiki Keixetak berak azpimarratu zuen Alkiza bezalako herri txiki batek ematen duen «konfidantza». «Kanpotar bezala etorri nintzen eta ia bertakoa naiz orain. Niretzat oso aberasgarria izan zen», aitortu zuen. Bera entzunez, Mariasun Landak ere aitortu zuen gustura asko parte hartuko zuela, nahiz eta aurtengoan epaimahaikide lana tokatu zaion. Honela, Alkiza «paradisuaren ataria» definitu zuen, lanerako leku egokia. Susana Cencillok ere ondo ezagutzen du Alkiza, Ur Marako kidea baita. Bertan ere askotan egin du lan. «Entzuten dituzun soinuak, inspirazioa bilatzeko, gauzak sortzeko... oso aberasgarria da».
Alkizan sortzaileak itxaroten daude jada. Izena emateko epea jada irekita dago, uztailaren 5a bitartean. Oinarriak ikusgai daude www.fagus-alkiza.eus atarian.