38. Santio krosa uztailaren 22an, igandea, izango da Zunbeltz elkarteak antolatuta

IMANOL ARRATIBEL AMASA-VILLABONA.

Zunbeltz elkartearen eskutik, eta Udalak babestuta, aurten ere Santiotan kros herrikoia izango da. XXXVIII. edizioa izango du Santio Krosak eta uztailaren 22an, igandea, egingo da.

Irteera, Zunbeltz elkarte paretik izango da eta izen ematea, dohain, Zunbeltz elkartean izango da egun berean edo www.herrikrosa.eus orrian.

Kategoriak eta irteera orduak hauek izango dira: Benjaminak (2008-2009) 10.30ean aterako dira eta Zunbeltz inguruko ibilbideari buelta txiki bat emango diote. Alebinak (2006-2007) 10:45ean aterako dira eta Zunbeltz inguruko ibilbidean bi buelta txiki emango dituzte. Infantilak (2004-2005), 11:00etan dute hitzordua eta ibilbide nagusiari, 2,5 kilometrokoa, bira bat eman beharko diote. Kadeteek (2002-2003) ere 11:00etan dute irteera eta ibilbide nagusiari bira bat eman beharko diote. Jubenilak (2000-2001) 11:00etan dute hitzordua eta ibilbide nagusiari bi bira eman beharko dizkiote, 5 kilometro eginez. Seniorrak eta beteranoak (35 urtetik gorakoak) 11:00etan aterako dira eta hiru bira, 7,5 kilometro, emango dizkiote ibilbide nagusiari.

Sarituak, kategoria bakoitzeko lehenengo gizonezko eta emakumezkoa izango dira. Antolakuntzak parte-hartzaileei, lasterketa baino lehen, azterketa medikoa egitea gomendatzen die, kirol ekintzaren arriskua norberaren baitan dago. Lasterketak irauten duen bitartean, ordu bat gutxi gorabehera, kaleak guztiz itxirik egongo dira auto, kamioi eta autobusentzat.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos