Borrar
Txerri gorriaren jaitsierarekin emango diote hasiera eguerdian herriko jaiei Mutiloan. UDALA

Mutiloa

San Pedro jaiak bueltan dira, kirola eta sagardoa protagonista dituztela

Txerri gorriak emango dio hasiera jai giroari, eta herria musikaz, lehiaketaz eta herri kirolez beteko da hilaren 29ra bitartean

Miércoles, 25 de junio 2025, 21:18

Mutiloarrak prest daude berriro ere festa handiari ekiteko. Ostegun honetan emango zaie hasiera San Pedro jaiei ohiko moduan: Txerri gorriaren jaitsierarekin udaletxeko balkoitik, eguerdian. Ostegun honetan ospatuko den jaiaren hasierarekin ekingo zaio lau egun iraungo duen festetako programari.

Txerriari ongietorria eman ondoren, paella jana izango da herriko plazan, eta 80 lagun inguru biltzea espero da bertan. Eguerdiko giroa Ostola eta Narbaiza trikitilariek jarriko dute. Arratsaldean, tortilla patata lehiaketa klasikoa egingo da. Gehienez 22 bikotek parte har dezakete, eta dagoeneko 14 bikotek izena eman dute. Lehiaketa amaitzean, tortilla pintxoak eta ardoa banatuko dira bertaratutakoen artean, parte-hartzaile eta herritarren artean prestatutakoaz gozatzeko. Eguna toka txapelketarekin eta trikitilarien saio berriarekin borobilduko da.

Ostiralean, jaietako hitzordu garrantzitsuenetako bat izango da: sagardo dastaketa arratsaldeko 20:00etan hasiko da. Aurten Gipuzkoa osoko 25 sagardotegitako sagardoak izango dira aukeran, tartean Goierrikoak ere bai. Taloak, pintxoak eta oilasko errea izango dira sagardoa laguntzeko. Ohitura denez, Zeraindik Mutiloara oinez iritsiko dira sagardo zaleak (19:15ean), eta dastaketan Hamarru elektrotxarangak jarriko du musika. Gauean, Joselu Anaiak taldearen kontzertua eta DJ Jalisko izango dira plazan.

Larunbatean, haurrentzako puzgarriak eta bola lehiaketa izango dira arratsaldeko 17:30ean. Lehiaketan sariak izango dira lehenengo eta bigarren sailkatuentzat, eta baita herriko onenarentzat ere. Gauean, herri afaria egingo da plazan, 100 lagun baino gehiago espero dituzte. Aurten, gainera, karpa bat jarri dute, eguraldi txarrari aurre egiteko. Afariaren ondoren, Balantza eta Egurra ta Kitto taldeen kontzertuak jarriko dute erritmoa.

Igandea izango da San Pedro eguna, eta jaietako egunik handiena. Goizeko 11:30ean meza nagusia egingo da, eta ondoren zirku erakustaldia Oreka eskolaren eskutik. Jarraian, Izarretan Dantzan taldeko ikasleen dantza erakustaldia izango da. 13:00etan, txakolin dastaketa eta Beñat Telleria mutiloarraren gaztak dastatzeko aukera izango da, eta Iker Sukia eta Aritz Markinez arduratuko dira erromeria giroaz.

Arratsaldeko programak herri kirolak ekarriko ditu plazara: aizkoran Karmele eta Ioritz Gisasola, Joseba Otaegi eta Oihana Fernández de Barrena lehiatuko dira, eta harri jasotzen Lierni Osa eta Ainitze Zumeta. Ondoren, pelota partidak izango dira Mutiloako eta Segurako pilotari gazteen eskutik. Jaiei amaiera emateko, berriro ere erromeria musika izango da Sukia eta Markinezen eskutik.

Mutiloan, San Pedroak ez dira huts egiten, eta aurtengo egitaraua horren erakusgarri da: festa parte hartzaile, herrikoi eta giro ezin hobearekin ospatuko dira herrian.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco San Pedro jaiak bueltan dira, kirola eta sagardoa protagonista dituztela

San Pedro jaiak bueltan dira, kirola eta sagardoa protagonista dituztela