Regina Sorarrain izango da Aurrera Alegia taldearen alkategaia

Alegiako eskolako irakaslea da Regina Sorarrain./
Alegiako eskolako irakaslea da Regina Sorarrain.

AMAIA GOIKOETXEA ALEGIA.

Datorren maiatzaren 26an ospatuko diren udal hauteskundeetara aurkezteko asmoz sortu da Aurrera Alegia taldea, eta Regina Sorarrain izango du taldeak zerrendaburu. «Aspalditik herrian nabaritzen genuen ezinegonari erantzun bat emateko egin dugu herritarrez osatutako zerrenda independente bat sortzeko ahalegina, eta Aurrera Alegia taldea da ahalegin horren emaitza», adierazi du Sorarrainek bere hautagaitza publiko egin berritan. «Herritarren ahotsa entzun, beharrak ikusi eta lanean hasteko prest gaude. Talde hau osatzerakoan herritarren ahotik jaso ditugu herrian ikusten diren beharrak, eta hari horri tiraka osatu dugu programa».

Zerrendako gainontzeko kideen berri oraindik eman ez badute ere, «oso pentsaera ezberdineko jendea» dagoela aurreratu du Sorarrainek, «guretzat garrantzitsua baita begirada askotarikoa izatea, taldea gizartearen isla izan dadin». Regina Sorarrain Lasa (Alkiza, 1969) Alegiako eskolako irakaslea da, eta bi umeren ama.