Plazaetxeberri jatetxearen ustiaketa kontratua, lehiaketara

I. ARRATIBELZIZURKIL.

Zizurkilgo Udalaren aurtengo inbertsio nagusienetakoa izan da herrigunean Plazaetxeberri etxe historikoaren erosketa. Orain, herritarrekin prozesu bat garatu asmo dute Udal ordezkari berriek Plazaetxeberriren erabilera erabakitzeko, baina bien bitartean taberna-jatetxeari irekita eutsi nahi diote. «Herriguneko festak amaitu arte egongo dira egungo kudeatzaileak eta maizter berrien bila hasi behar dugu zerbitzuari eusteko», azaldu du Iker Urruzola alkateak.

Udalaren lehiaketak hainbat baldintza ezartzen ditu (interesdunek izena emateko epea uztailaren 15ean amaitu zen). Besteak beste, hiru urteko iraupena izango du ustiaketa kontratuak eta gehienez urtebete luzatu ahal izango da. Hilero Udalari ordaindu beharrekoa, gutxienez 800 euro izango da. «Hiru-lau urteko epea jarri dugu legealdi honetan herritarrekin landu nahi dugulako Plazaetxeberriren erabilera, bide orri bat marraztu nahi genuke herriguneko beharrak ikusiz Plazaetxeberrin egin beharrekoekin, eta ez dugu nahi oraingo erabakiek ondorengo bide orri hori zailtzea. Herritarrek benetako erabakimena izan behar dute», azaldu du Urruzolak.

Diru laguntzak

Udalak Udako Ikastaroetan parte hartzen duten zizurkildarrei matrikulak ordaintzeko diru laguntzak emango dizkie. Informazio gehiago udal bulegoetan eskura daiteke.