Pello Joxeperen jaitsierak hasiko ditu jaiak gaur

NÚÑEZLARRAUL.

Lau eguneko jai-egitarauan murgilduko dira bihartik aurrera larrauldarrak. Pello Joxepe kanpandorretik jaitsiko da 19:30ean San Esteban jaiei hasiera emateko. Ondoren, buruhandiak aterako dira, musikaz girotua. Gainera, gazteek kanpaldia egingo dute, afariarekin eta jolasekin.

Bihar, gazteen gosaria izango da goizeko 10:00etan, eta 11:00etatik aurrera haurrentzako altxor-bilaketa jokoa antolatuko dute. Eguerdian apar-festa izango da eta, jarraian, haurren bazkaria. Bazkalondoren, adin guztientzako puzgarriak egongo dira. Gainera, 16:00etatik aurrera mus-txapelketa antolatuko da. 20:30ean barrikote herrikoia egingo da Urbeltz plazan. Ondoren, mozorro-festa izango da. Egunari amaiera emateko, Jo Ta Txo Dj-ak girotuko du gaua eta 3:00etan baratxuri zopa banatuko da.

Larunbateko egitaraua meza nagusiarekin hasiko da 11:00etan. Ondoren, hamaiketako herrikoia egingo da. Arratsaldean, berriz, herri-kirol saioa egongo da 18:00etan. 20:00etan kantu poteoa egingo da eta jarraian afaria egingo dute ostatuan umeentzako. Ondoren, helduentzako herri-afaria egongo da Ostatuan. Gauean, Patxuko Nice taldearekin dantzaldia izango da lehenengo. Ondoren, Marmoka taldea eta, amaitzeko, DJ Elepunto.

Igandean, abuztuaren 4an, eguerdian sagardo-dastaketa egingo da eta 13:30ean 'Irria galdu zuen herria' antzezlana eskainiko dute herriko gazteek. Jarraian, paella-jate herrikoia izango da. Arratsaldean, bertso-saioa izango da plazan, 18:00etan, Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia, Nerea Ibarzabal eta Unai Agirre bertsolariekin.

Ondoren, jaiei amaiera emateko, Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria.