Patxi Ezkiagaren poemen antologia aurkeztu zen

Zelai Amenabarrok eta Felipe Juaristik aurkeztu zuten 'Blues bat bizitzari'. Irati Goioetxea eta Jon Makuso errezitaldian. /
Zelai Amenabarrok eta Felipe Juaristik aurkeztu zuten 'Blues bat bizitzari'. Irati Goioetxea eta Jon Makuso errezitaldian.

'Blues bat bizitzari' liburuaren aurkezpenaren ondoren poemen erretizaldia egin zuten

NUÑEZ LEGORRETA.

Patxi Ezkiagaren antologia poetikoa den 'Blues bat bizitzari' liburua aurkeztu zuten Legorretako Udalak eta Balea Zuria argitaletxeak. Zelai Amenabarro alkateak adierazi zuenez, martxoan jaso zuten antologiaren argitalpenaren berri eta ez zuten zalantzarik izan argitalpenean laguntzeko. Ezkiagak lan honen berri bazuen ere, ezin izan du amaitua ikusi. Liburuan bildutako poemek irakurleentzat Ezkiagaren alderdi ezezagunena islatzen du, jazz eta blues musika, giza sentipenak eta natura. Bildumaren laurdena aurrez argitaratu gabea da.

Ezkiaga aurtengo ekainean zendu zen, baina udalak zein lagun eta herritarrek ez zuten berriro omentzeko aukera galdu nahi izan. Izan ere, Felipe Juaristik adierazi zuenez «Patxi Ezkiagaren poesia ez da errekonozitua izan».

'Blues bat bizitzari' liburuaren aurkezpenaren ondoren Ezkiagaren poemen errezitaldia egin zuten bai Balea Zuria argitaletxeko kide diren Pello Otxoteko, Juan Ramon Makuso, Aritz Gorrotxategi eta Felipe Juaristik zein Ekaitz eta Irati Goikoetxea, Jose Luis Padron, Maixa Zugasti eta Juan Kruz Igerabide idazleek. Bakoitzak bina poema errezitatu zituzten, batzuk liburuan argitaratu direnak, beste batzuk Ezkiagak momentu ezberdinetan idatzi zizkienak gogora ekarri zituzten, Jon Makuso biolin-jotzailearen laguntzaz. Gainera, Ekaitz Goikoetxeak bi bertso eskaini zizkion. Juan Mari Irigoien idazlea, Patxi Ezkiagaren lagun ona zena, ikusleen artean izan zen, herritar eta lagunekin batera.

Aurkezpena Ezkiaga gogoratzeko eta omentzeko aukera izan zen. Ekitaldiari amaiera emateko, bere bizitzako irudiak eta 2017ko martxoan, 'Urrutiko lur hauek' liburuaren aurkezpenean jaso zuen omenaldian berak esandako hitzak uztartzen zituen bideoa proiektatu zen.

 

Fotos

Vídeos