Parte-hartze handia Talidomida jardunaldietan

Parte hartzaile sarituak. /  NUÑEZ
Parte hartzaile sarituak. / NUÑEZ

Zale ugari bildu ziren martxa nordiko ibilaldia egiteko eta 116 korrikalarik egin zuten krosa

NUÑEZ LEGORRETA.

Talidomidak kaltetutakoak ezagutzera emateko jardunaldiak antolatu dira asteburuan Legorretan. Herritar ugari gerturatu ziren atzo goizean plazara antolatu ziren ekitaldi ezberdinetan parte hartzera.

Goizean martxa nordiko ibilaldia egin zen herriaren inguruan. Herriko zein inguruetako zale ugarik parte hartu zuten herriko txoko ezberdinak ezagutuz. Eguerdian, haurrentzako jokoak antolatu ziren plazan. Gustura aritu zapi-jokoan eta globoekin jolasean. Amaieran buruhandiak atera ziren eta ederki aritu ziren haurren atzetik korrika.

Arratsaldean, bigarren urtez Talidomidak kaltetuen aldeko krosa antolatu zen herrigunean zehar. Izena emandako guztietatik azkenean 116 parte hartzaile atera ziren lasterketan, eta guztiek amaitu zuten zazpi kilometroko ibilbidea. Gizonezkoetan Jose Antonio Blanco Minaya izan zen garailea, 23 minutu eta 40 segundorekin, bigarren Jon Aranguren Larrañaga eta hirugarren Juan Moreno Chocarro. Emakumezkoetan Laiane Arrospide Garmendiak irabazi zuen, 29 minutu eta 57 segundorekin, bigarren Leire Lopez de Arregi Garmendia izan zen eta hirugarren Maider Goitia Usabiaga.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos