Parte hartze handia izan zen Asteasun Euskaraldiako ekitaldietan

Asteasuko udalak eta bertako herritarrek 'Euskarak 365 egun' lemapean agertzeko argazkia atera zuten./
Asteasuko udalak eta bertako herritarrek 'Euskarak 365 egun' lemapean agertzeko argazkia atera zuten.

Pello Errotaren mendeurren-ekitaldietako azken jarduera hitzaldi berezi bat izango da hilaren 14an

I. ARRATIBEL ASTEASU.

Euskaraldiaren amaiera eta Euskara Eguna ospatzeko ekitaldi ugari antolatu ziren Asteasun. Ospakizun jendetsua izan zen igande goizean eta eguerdian herriko Kultur etxe aurrean, Musiak, bertsoak, pintxoak, eta aldarrikapenak izan ziren. Ekintza osagai ugari izan ziren herrian 'ahobizi' eta 'belarriprest' egon zirenetan. Goizean, Lazkao Txiki marrazki bizidunen proiekzioa udaletxeko ikus-entzunezko aretoan, haur, gazte eta helduentzat ikusi zuten.

Gero, eguerdian, haurrek Euskararen Txantxangorria margotu zuten kultur etxe aurrean. Ondoren hamaiketakoa eskaini zitzaien herritarrei eta balkoitik balkoirako bertso saioa izan zen. Asteasuko musikarrek eta herritarrek euskararen inguruko abestien kantaldi herrikoia abestu zuten ('Itsasoa, gara, Euskal herrian euskaraz...'). Parte hartzaile guztien artean bi saski zozketatu ziren, eta bukatzeko, Asteasuko udalak eta bertako herritarrek 'Euskarak 365 egun' lemapean agertzeko argazkia atera zuten. Eta, Euskaraldiaren amaieran, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zuten Pello Errota eskolan astelehenan. Euskaraldiko hizkiekin mosaikoa eta 'Aho bizi, belarri prest' koreografia egin zuten ikasleek. Festa bukatzeko, gustora jan zuten gurasoek prestatutako merienda.

Hitzaldia eta bertso-saioa

Pello Errotaren mendeurren-ekitaldietako azken jarduera hitzaldi berezi bat izango da hilaren 14an. Koldo Izagirrek Pello Errotari buruzko saio bat egingo du, Amaia Agirre eta Haritz Mujika bertsolariekin. Saioa udaletxeko ekitaldi-aretoan izango da, gaueko 22:00etatik aurrera.

«Sagardotegiak izan omen ziren gure bertsolarien unibertsitateak. Baina, zer ikasten zuten tenplu haietan? Ziria, iraina, burla, iseka, ofentsa, zatarkeria... Horretan genuen maisu Pello Errota, gauerditik gorako onena zen. Bertsogintza hura lokaztegietako kontua zela predikatu zuten bertsolaritza moralistak eta zintzokeria aberkoiak, kiratsa omen zerien bertso haiei».

«Horrela baztertu zen Pello Errota eta haren hitzetik hortzerako txinparta, Pello Errota herri xehearen sormena baitzen, gauza desegokia, pentsamendua ondu gabeko bat-batekotasun arriskutsua. Bertsoa neurrira errenditzeko gauza ez zela ere zabaldu zuten. Denak balio izan zuen satira isilarazi eta sermoiari ekiteko», esan dute antolatzaileek.

 

Fotos

Vídeos