Ostegun Santuko ospakizunak gaur arratsean

ANDONI ETXEBERRIA SEGURA.

Aste Santuko ekintza nagusienak gaur hasiko dira eta Ostegun Santuko prozesioa prest da kalera ateratzeko. Pauso bizidun eta irudiez osatutako erlijio desfilea izango da ekitaldirik nagusiena gaurkoan, aurrez ospatuko den mezarekin. Eguraldiaren aurreikuspenak ez dira onak gaur eta biharko, baina ea prozesioaren orduetan ateri den eta Segurako erlijio desfileak ohizko ibilbidea egiteko aukera duen. Ezin bada, eliza ere bikaina dugu eta parrokiak eskaintzen duen aterpean burutu ahalko da prozesioa modu apalagoan.

Jaunaren Azken Afariko Meza 17:00etan hasiko da parrokian, prozesioko pauso bizidunek udaletxetik abiatutako ibilbidea amaitu eta elizan sartzen direnean. Soledadeko erritoa izango da gaurko berezitasun nagusia elizkizunean, ondoren herritarrek sagrario aurrean egingo duten belarekin.

Meza bukatutakoan eta eguraldiak uzten badu, 18:15ean irtengo da prozesioa kaleetara, hainbat mendeetan herrian Aste Santuan bete den tradizioa berrituaz. San Joan Ebanjelaria, Baratzeko Otoitza, Jesusi Zigorkada, Pilatos, Zirineoa, Kristo Gurutziltzatua, Pietatea eta Ama Birjina, Segurako prozesioa osatzen duten betiko pausoak kalera aterako dituzte santu eramaileek. Beraiekin batera egingo dute ibilbidea nazareno, penitente eta soldadu erromatarren pauso bizidunek, txistulari eta herriko koruaren musikarekin.

Biharko ekintza nagusienak arratsaldean izango dira berriro, baina goizeko Gurutz Bidean hutsik egin gabe parte hartzen dute urtero hainbat herritarrek. Goizeko 8etan abiatuko da Santa Engrazitik, komentura bitarteko ibilbidea egiteko.