Osinalde saria larunbatean lehiatuko da Gabirian

Goruntz dantza taldekoen emanaldia. / E. ELGARRESTA
Goruntz dantza taldekoen emanaldia. / E. ELGARRESTA

Arkumea oinarri duen afaria egingo da lehenik eta 22:30ak aldera hasiko dira sei gazteak bertsotan

A. BAZTARRIKA GABIRIA.

Igandean Aberri eguna zela eta Goruntz dantza taldeko kideek saioa eskaini zuten meza ostean. Horrez gain, herriko alkateak, Iñaki Etxezarretak, hitz batzuk esan zituen eta Endika eta Aratz Igartzabal bertsolariek eguneko gaia ardatz hartuta bertso batzuk abestu zituzten.

Bi bertsolari hauek, biak ala biak ere, duela ez asko Osinalde sariko lehiakide bikainak izan ziren, eta ziurrenik larunbat gauean adi-adi egongo dira aurten sailkaturiko sei gazteak bertsotan dabiltzan bitartean elkarte barrenean.

Larunbatean, ohiturari jarraiki, arkumea oinarri duen afari ederra egingo da lehenik, eta 22:30-23:00k aldera hasiko da sei gazteen bertso saioa.

Bertan, Ordiziako Argiberri saritik, Zaldibiako Osinberde saritik eta Aztiriako saritik sailkaturiko gazteak arituko dira bertsotan: Danel Olano Getariarra, Eli Pagola Hernaniarra, Ane Zuazubiskar Arrasatearra, Oier Etxeberria Azpeitiarra, Ibai Amillategi Gernikarra eta Joanes Illarregi Leitzarra.