Ormaiztegi Batzenek herria «hobetzeko» programa aurkeztuko du hilaren 20an

Ormaiztegi Batzen hautesle taldeko zerrendakideak. /  DV
Ormaiztegi Batzen hautesle taldeko zerrendakideak. / DV

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ORMAIZTEGI.

Ormaiztegi Batzen

hautesle taldeak aurkezpen agerraldia maiatzaren 20an egingo du, 18:00etan, Gizarte Etxeko areto nagusian. Jon Enrique Galarza da taldearen alkategaia, eta berarekin Agustín Gilabert Molist, Dunixi Murua Antía, Juan Lobato Amado, Miren Lierni Yurrita Arregi, Ione Usabiaga Arratibel, Alazne Ezcurdia Herniaga, José Luis Chaparro Mayoral, Olaia Izaguirre Criz, Miren Gurutze Esnaola Aranburu, Miren Izaskun Unzurrunzaga Pildain eta Rosario Berasategui Aizpeolea arituko dira «Ormaiztegi hobetzen», aukerako duten leloa jarraituz.

Besteak beste gizarte programa ezberdinak proposatzen dituzte: Gazteleku zerbitzua areagotzea, adin tartea zabalduz gaztetxoentzat eta adineko pertsonentzat 'Euskadi Lagunkoia programaren garapena eta 'Ormaiztegiko Oin-harriak' ibilbide osasuntsuak programaren jarraipena. Adinekoentzat ere Eguneko Arreta zerbitzua sendotu nahi dute.

Berdintasuna areagotzeko, 'Berdinbidean' programa martxan jartzeko konpromisoa azaldu dute, eta elkarbizitza sendotzeko, Ormaiztegiko Migrazioen mahaia sortzea proposatzen dute.

Antonenen etxebizitzak

Herriko argiteria guztiaren berrikuntza LED sistemara egokitu nahi dute, eta Antonene eremuan etxebizitzen eraikuntza errealitate bihur dadin lan egingo dutela azaldu dute. «Bestalde, garrantzitsua izango da etxebizitzen alokairua bultzatzeko politikak egitea», taldearen aburuz.

Irai Errota eremuko Plan Partzialaren behin betiko onarpena burututa, «honen garapena eta enpresak erakartzea» izango dira legegintzaldiko lehentasunak. Honekin batera «Zelaikoa industriagunearen garapenean jarraituko dugu lanean».

GI-2632 errepidean sortzen diren trafiko eta segurtasun arazoak eta herrigunean aparkaleku falta zuzentzeko ekintzak egiteko konpromisoa azaldu dute, eta herriguneen berrikuntzarekin jarraituko dutela zirutatu dute: espaloiak, plazak, eraikuntzak, kirol ekipamenduak eta baserri bideak. Tren geltokiko segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea da programaren beste atal bat.

Ormaiztegira kultura eta turismoa erakartzeko politikak martxan jartzea, izapideen eskuliburua sortzea eta Euskararen Normalkuntzarako Batzordea sortzea dira beste proposamen batzuk.