Orkatz txiki eta Orkatz taldeen Eguberri jaialdia larunbatean
Larunbat honetan, Zegamako San Martin elizan eta arratsaldeko 7etan ospatuko da Eguberri sasoi honetan honezkeroz askorentzat ohizko elkargune bilakatu den kontzertua bere hogeita hamaseigarren saioan.
Orkatz txiki eta Orkatz abestaldeak izango dira jaialdian parte hartuko dutenak, Osane Leizaren zuzendaritzapean eta Dorleta Alzelai piano jolearen laguntzarekin. Bertan, gabon kantuen doinuez gozatzeko aukera eskeiniko dute bi abesbatzek. Ekitaldi honetan, aurreko urtetan bezala, Orkatz Txiki eta Orkatz abesbatzako partaide ohi izan direnei deialdia egin zaie; beraien kantuarekin kontatu nahi du Orkatz abesbatzak eta horregatik, jaialdiko azken bi abestiak elkarrekin abesteko gonbidapena luzatu die.
Jaialdiaz gain beste hainbat konpromiso ere badituzte bi abesbatzek. Horien artean, abenduaren 25ean, Eguberri egunez, Orkatzek San Martin Parrokian ospatuko den meza nagusian abestuko du.
Azken bi urteetan ezinezkoa izan badute ere, urteetako ohiturari jarraituz, adinekoen egoitzetara ere bisita egingo dute bi taldeek, bertako egoiliarrei gabon kantuekin arratsalde atsegin bat eskeiniz; Orkatz abesbatza Beasaingo Arangoiti egoitzan arituko da eta Orkatz Txiki, berriz, Zegamako eguneko zentrora eta Segurako adinekoen egoitzara joango da Gabon egun hauetan.