Uztaila hasteko eta freskuraz lagunduta, urteko lehen lekak
Beroak ez du eragin handiegirik izan baratzean, produktu gehiago iritsi direlako
Tere Madinabeitia
Ordizia
Jueves, 3 de julio 2025, 12:53
Freskuraz lagunduta iritsi dira azken berritasunak Ordiziako feriara, uztaila hastearekin bat. Azken egunetan egindako beroak ez du nonbait kalte handiegirik eragin uztan, ezta ur faltak ere. «Nire amak esaten zuen goiko ura behekoa baino hobea zela» esan zuen saltzaile batek, baina euririk ez denean, ureztatzea besterik ez zaie geratzen, eta horrek salbatu ditu momentuz. Horregatik ikusi ziren produktu berriak atzo.
Leka izan zen horietako bat, aire librekoa eta negutegikoa. Kostatu zaio hastea, baina hemen da dagoeneko, leka arrunta, txapala. Aire librekoa Maria Jesus Oriak eta Arantxa eta Maite Zurutuza ahizpek zuten salgai, eta negutegikoa, berriz, Patxi Arizmendik. Urteko lehen lekaren kiloa 6,5 eta 8 euro artean saldu zuten.
Piper gehiago ere iritsi dira, italiarra, hau da, berdea, luzea eta gozoa. Bi postutan zuten salgai, batetik Montesenean, eta bestetik, Arizmendirenean. Montesek, 1,5 euroan saltzen zuen dozena erdia, eta Arizmendik 4,5 euroan kiloa. Italiarra iritsita, piper bilduma handitu egin da, lehendik bazeudelako pipermina, morroa, Gernika eta Kakute edo Landetakoa.
Kale aza ere aipatu behar da. Urte osoan izaten da, baina orain hasi da berria. Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallanesek zuen salgai atzo. Hostoekin osatutako sorta 2 euroan zuen.
Frutek ez dute etenik azken asteetan, eta atzo berri bat iritsi zen, aran horia. Altzagako Arantxa Lopetegik zuen salgai, kiloa 3 euroan. Patxi Arizmendik ere izan ditu gorriak, baina agortu zaizkio dagoeneko. Atzo ez zen gerezirik eta sagarrik izan, baina Zurutuzatarren postuan baziren mugurdiak, masustak eta indi mahatsak.
Loreen atala, bestalde, emankor dago udaberri amaieratik. Aurreko astean gladiolo apur batzuk jarri zituzten salgai, baina atzo eskaintza handiagoa izan zen, eta Miren Jauregik zituen sortak, adibidez, ikusgarriak ziren. Hortentsiak ere geratzen zaizkio oraindik, eta Zurutuzatarrek agapantusak ere bazituzten. Lore sortak 5 euroan saltzen zituzten bi postuetan.
Eta amaitzeko, perretxikoen aipamena bakarrik, perretxikoen falta, hobeto esanda, ez zelako batere jarri atzo salgai. Mikel Lasaren postuan boilur ale batzuk besterik ez zituzten, eta Felix Barcinak ez zuen posturik jarri.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.