San Joan sagarrak iritsi dira, bere egunaren biharamunean
Baratzeko produktu berrien jarioak ez du etenik, eta oraingoan azenarioak eta zerbak eman ditu, besteak beste
Tere Madinabeitia
Ordizia
Jueves, 26 de junio 2025, 02:00
Sagarren denboraldia hasi da Ordiziako ferian. Atzo, San Joan egunaren biharamunean iritsi ziren lehenak, izen berekoak, hain zuzen. Itsasotik eraman zituen Maria Jesus Oriak, Eztala Goikoa baserriko sagastietan bildutakoak. Lehen sagar horien kiloa 3 euroan jarri zuen salgai, eta oraindik jateko bizi samarrak badaude ere, erosleek ez zioten horri erreparorik jarri, di-da batean saldu zituelako guztiak. Hurrengo astean gehiago izango ditu salgai, eta hemendik aurrera ez da sagar faltarik izango ferian.
Fruta berri gehiago ere aurkeztu zituzten, masustak. Fruta gorriak saldu ohi dituzten Maite eta Arantxa Zurutuza ahizpen postuan zeuden, kiloa 18 euroan. Indi-mahatsak eta mugurdiak ere bazituzten aukeran, horiek ere prezio berean.
Baratzak ere eman zituen berritasunak atzo. Hala, Oriak berak, San Joan sagarrez gain, aire libreko azenarioak ere aurkeztu zituen, kiloa 2,5 euroan. Bestalde, Aramako Patxi Arizmendik luzoker japoniarrak zituen. Japonian izandako lagun batek han erositako haziak oparitu zizkion, eta Araman erein, eta ondo eman dute fruitua, atzo ikusi zitezkeenez. Hemengoak baino luzeagoak eta estuagoak dira luzoker hauek, baina zaporez antzekoak. Kiloa 3,5 euroan zuen salgai.
Ferian barazki ekologikoak ekoizten dituzten Natalia Magallanesek eta Iñaki Intxaustik ere aurkeztu zituzten berritasunak. Sustrai Askeak elkarteko Magallanesek pak choia zuen salgai, pieza 1,5 euroan, eta arbi-aza gorria ere bai, kiloa 4 euroan. Eskandinavian eta Errusian omen du jatorria arbi-azak (Brassica napobrassica), eta arbi erraboila eta aza hostoak ditu. Intxaustik ere produktu exotikoa aurkeztu zuen, horrela deitu badakioke zerba gorriari (sorta 2,10 euroan).
Perretxikoen atala eskas zegoen atzo. Lasak ez zuen bat ere, eta Barcinak 60 kilo onddo besterik ez zuen jarri salgai, kiloa 24 eta 35 euro artean. Boilur batzuk ere bazituen, 10-15-20 euroan.
Landareetan ere izan ziren berritasunak, eta Iguategikoen postuan lonbarda (0,15. euro), kardua (0,20 euro) eta romaneskua eta bruselaza (0,20 euro) aurkeztu zituzten.
Loreetan, Zurutuzatarrek agapantus zuria eta kala arrosa zituzten berrien artean, sorta 5 euroan.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.