Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Majorin

Porrotx eta Iparralde eta Goierriko ikastolen ordezkariak, atzo jaialdiaren aurkezpenean. /  MARIN
Porrotx eta Iparralde eta Goierriko ikastolen ordezkariak, atzo jaialdiaren aurkezpenean. / MARIN

Hilaren 22an, bi saioetan arratsaldeko 16:30ean eta iluntzeko 19:00etan 'Musua' ikuskizun berria eskainiko dute

ORDIZIA.

Badira 22 urte Goierriko eta Ziburu-Urruñako ikastolek elkarlana hasi zutela. Izan ere, ikastolek bere sorreratik dute elkarlaguntza eta herritartasuna ezaugarri. Ikusi besterik ez dago azken 40 urte hauetan zenbat urrats eman diren ikastolaren izenean eta izanean. Guztia euskara eta euskal kultura sustatzeko.

Bere bidea egin dute ikastolek, eta normaltasun osoz ikusten dituzte gehienek. Duela bi mendetako lege zahar batengatik beti arriskuan dira ikastolak, behar bezalako laguntzarik ez emateko eta berriak sortzea oztopatzeko. Aurtengoan ere goierritarenganatzeko arrazoia elkarlaguntzarena da. Ezin da ahaztu, zerotik hasitako ikastolak direla Urruña eta Ziburukoak eta azken urteotan urrats nabarmenak eman dituzten arren, behar gorriak dituztela oraindik gaur egun.

Aurtengoan, Urruñako ikastola eta bai Ziburukoa finkatzen jarraitzea da erronka nagusiena. 1995ean sortu denetik, Urruñako ikastolak ehundaka haur euskaldundu ditu. Urte hartan 12 ikasle ziren Urruñako zinegelaren aldageletan euskara murgiltze ereduan ikasten hasi zirenak.

Gaur egun,125 ikaslek osatzen dute gure ikastola eta ikasle kopuruaren emendatzearekin batera, gure beharrak ere neurri berdinean emendatzen ari dira. Adibide bat emateko, ikastolako hiru geletan obrak lehenbailehen egin behar ditu eta duela 200 urteko lege zahar batek eskola pribatu bati asimilatzen segitzen gaituen bitartean, obra horiek guk finantzatu beharko ditugu. Funtzionatzeko behar duten diru hori biltzeko urtean zehar ekitaldi ezberdinak antolatzen dituzte (mus txapelketa, artzain txakur lehiaketa, afariak, etab.) eta horien artean, hogeitabigarren urtez segidan Goierriko lagunekin batera joan den azaroaren 25ean kantaldia, Urruñan.

Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioak berriz, 270 ikasle eskolatuz, murgiltze eredua hautatu duten ipar euskal kostaldeko 236 familia biltzen ditu. Irakasle eta pedagogi taldearen atxikimendua eta gurasoen militantziari esker kolegioa eraikia izan zen eta gaur egun, geroz eta ikasle gehiagorekin bizirik dirau.

Berrogeita bederatzi urte pasa dira Iparraldeko lehen ikastola sortu zenetik, eta egun 34 ikastolek Iparraldeko ikastolen federakuntza, Seaska, osatzen dugu. Hego eta Ipar Euskal Herriko partaideen sostengurik gabe ez ginateke gaur egungo egoera honetara iritsiak izango. Hala nola, Urruña eta Goierriko ikastolek Piarres Larzabal kolegioarekin batera urtero antolatzen dituzten ekitaldiek gure kolegioarentzako beharrezkoak diren diru laguntzak ekartzen dituzte. Gauzak horrela, aurten ere, Iparraldeko ikastolei beste bultzada bat emateko asmoz, Ordizian, hilaren 22an, larunbata, Majori kiroldegian izango da jaialdia. Aurten ere, bi saio, arratsaldeko 16:30ean eta iluntzeko 19:00etan.

Egitarauan, Goierriko eta Urruñako haurrek kantari eta saioa borobiltzeko, Pirritx, Porrotx eta Marimotots-ek 'Musua' ikuskizun berria eskainiko dute. Ondoren, Kuxkuxtu txaranga, kalean zehar.

Bihartik sarrerak salgai

Zortzi eurotan, honako leku hauetan: Ordizian, Jakintza ikastolan (Villa Eugenia) eta Majorin, bihar eta etzi, hilak 12 eta 13, 17:00tatik 18:30era, eta ondoren, Majorin bertan, agortu arte. Lazkaon: Gerriko liburudendan. Beasain: Andramendi ikastolan, bihar eta etzi, ondoren Antzizar tabernan. Seguran: Elorripe tabernan. Itsasondo: Kaxintanen, Zaldibian: Joxepanen, eta Idiazabalen: Izpar dendan (Terenen).

 

Fotos

Vídeos