Piperminez eta bestelako piperrez betetzen ari da feria
Tomate ekologikoa eta kuiatxo zuria ere iritsi berriak dira, zizen eskaintza jaisten ari den bitartean
Tere Madinabeitia
Ordizia
Jueves, 19 de junio 2025, 02:00
Horretarako garaia da, eta piperrez betetzen hasita dago feria. Orain arteko eskaintza Gernika motakoak eta Azkoitia aldean Kakute izenez ezagutzen den piper ezti luzeak osatzen zuten, baita orain pipermina eta piper morroa ere iritsi dira.
Lehen piperminak joan den asteazkenean ikusi ziren, baina haiek Nafarroakoak ziren, eta Ibarrakoak gaur arte ez ziren iritsi. Iguategiko Esther Illarramendik eta Monteseko Arantxa Iparragirrek jarri zituzten salgai, kiloa 12 eta 15 euro artean. Joan den astean kiloa 6 euroan saltzen ari zirela aipatu zen kronika honetan, baina prezio hura gaizki zegoen, merkeegi horrelako kutixi batentzat, egia esan, eta prezio zuzena 18 eurokoa zen.
Aramako Patxi Arizmendik ere bazuen salgai pipermina, baina postu honetan piper morroa izan zen erregea, kiloa 7 euroan. Arizmendik Iker semearen laguntza izan zuen, eta bien artean erakutsi zuten eguneko beste berritasuna, baratxuri burua. Sorta 2,5 euroan zuten salgai.
Tomatea ere aipatu behar da, horren eskaintza geroz eta handiagoa delako, eta ekologikoa ere aurkeztu zutelako. Zeraingo Iñaki Intxaustik jarri zuen salgai, Mendarte baserriko negutegietan hazitakoa, baina oso gutxi iraun zion postuan, laster batean saldu zituelako guztiak.
Azkotiko Uzinek jarri zuen martxan tomatearen denboraldia duela aste batzuk, eta ordutik ugaritzen ari da produktu hori. Izan ere, estimazio handia du, eta horren isla da Uzinen postuan bertan astero-astero ikusten diren bezeroen ilara luzeak, Gurutzia baserritik eramandako horiek erakarrita. Uzinenak eta ferian dauden besteak kontuan hartuta, tomate kiloa 4,6 eta 6,5 euro artean dago orain.
Kuiatxoak ere ez dira berriak ferian, baina zuriak ere ikusi ziren, aire librekoak gainera. Zurutuza ahizpek zituzten, kiloa 3,5 euroan.
Perretxikoen artean, bestalde, ezer berririk ez zen ikusi, ziza kopuruaren jaitsiera kenduta. Hala ere, Mikel Lasaren eta Felix Barcinaren postuen artean, 100 kilo elkartu zituzten, eta kiloa 35 eta 40 euro artean jarri zuten salgai. Gainera, 25 kilo onddo ere eskaini zituzten, kiloa 35 eta 38 euro artean, baita 31 kilo ziza hori ere, 24 eta 25 euro artean. Boilur gutxi batzuk ere ikusi ziren, kiloa 160 euroan.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.