Baratzak emankor daudela erakutsi du ekaineko lehen feriak
Kuiatxoak, luzokerrak, piperrak eta borrajak iritsi berriak dira, baita fruta gorri batzuk ere
Tere Madinabeitia
Ordizia
Jueves, 5 de junio 2025, 02:00
Emankor dago baratza azken egunetan. Hala erakutsi zuen behintzat Ordiziako azokak, atzo, ekaineko lehen asteazkenean aurkeztutako produktu berriekin. Eguraldi txarra, euria, tenperatura baxuak... hainbeste entzundako horiek ez dira eragozpen izan nonbait, eta atzerapen pixka batekin izan bada ere, barazkiak eta bestelakoak heltzen hasi dira azkenik.
Berritasunez beterikoa izan zen, beraz, atzoko feria, eta kuiatxoa, luzokerra, piperra, borraja era fruta gorriak izan dira iritsitako azkenak.
Kuiatxoa, aire librekoa eta negutegikoa, biak aurkeztu dituzte batera. Aire librekoa, Itsasotik iritsi da, eta Maria Jesus Oriak Estala Goikoa baserriko lurreetan hazitakoa da. Bestea, Azkoitiko Gurutzia baserriko negutegietakoa da, eta Jose Mari Uzinek aurkeztu du. Bien kiloa 3 euroan jarri zuten salgai. Uzinek, gainera, urteko lehen piperrak ere aurkeztu zituen, etxean Kakute izenarekin ezagutzen dituztenak. Piper berde luzea eta eztia da Kakute, eta kiloa 8 euroan zuen azkoitiarrak.
Luzokerra, berriz, Bidania-Goiatzeko Sustrai Askeak elkarteko baratzetatik iritsi zen. Natalia Magallanesek aurkeztu zuen, eta kiloa 3 euroan jarri zuen salgai.
Borrajari dagokionez, ia urte osoan egoten den barazkia dela esan behar da, baina berria ere hasi da. Atzo Zeraingo Iñaki Intxaustik eta Aramako Arantxa eta Maite Zurutuzak zuten salgai, sorta 2 euroan.
Mugurdiak eta andere mahatsa
Perretxikoen eskaintzan, azkenik, ez zen atzo aldaketa handiegirik nabaritu azken asteetakoarekin alderatuta. Udaberriko ziza edo ziza zuria da oraindik erregina, eta atzo 305 kilo eskaini zituzten, kiloa 15 eta 38 euro artean. Horiez gain, honako hauek ere jarri zituzten salgai: 90 kilo onddo (15-38 euro), 30 kilo ziza hori (20-25 euro), eta boilur beltz batzuk, kiloa 300 euroan.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.