Borrar
Miren eta Eñaut, onddo eta ziza artean. T.M.
Onddoak ere iritsi dira, gero eta ugariago den zizari laguntzeko
Ordiziako Azoka

Onddoak ere iritsi dira, gero eta ugariago den zizari laguntzeko

Baratzetik ez da produktu berririk iritsi, baina loreetan eskaintza gehiago zabaldu du Azanzak

Tere Madinabeitia

Ordizia

Jueves, 10 de abril 2025, 02:00

Udaberri bete-beteko eguraldia, Artzain Egunaren aurkezpena, Itzuliko etapa amaieraren aurrekoak eta Beasaingo Loinazpe institutuko ikasle gazte mordoren bisita izan ziren atzoko markak Ordiziako azokan, onddoaren aurkezpenarekin batera.

Ez da oraindik denbora asko lehen zizak iritsi zirela feriara, eta ordutik eskaintza ugaritzen joan da, prezioak jaistearekin batera. Urteko lehen ziza horiekin, nahiko zalaparta izaten da Mikel Lasaren postuaren inguruan, baina atzo, mugimendu handiagoa izan zen, onddoak ere iritisi zirelako. Miren Pagola arduratu zen perretxiko hauen aurkezpenaz, eta denboraldia 16 kilorekin hasi dutela azaldu zuen, kiloa 22 eta 40 euro artean jarri dutela esatearekin batera. Zizak, berriz, 20 kilo bildu zituzten atzoko salmenta egunerako, eta horien kiloaren prezioa 70 eta 120 euro artean finkatu zuten.

Onddoa izan zen, dudarik gabe, atzoko berritasun nagusia, baina loreek ere izan zuten protagonismo pixka bat ere, orain, negukoak jaso eta udakoekin hasteko unea delako. Iñaki Azanza aspaldi hasi zen udako denboraldi horri begira, eta postua kolorez gainezka du azken asteotan. Atzo lore berri gehiago aurkeztu zituen, gainera: bidensa (4,5 euro), krabelintxoa eta krabelina (5,5 euro), tajetea (1,5 euro) eta Gineako alegria (4,8 euro).

Lore moztuak ere saltzen dira ferian, eta orain kalaren garaia da. Aramakoak zeuden salgai atzo, Maite eta Arantxa Zurutuzaren postuan, eta Miren Jauregiren mahaian. Kala sorta 5 euroan zuten bietan.

Loreetan bezala, landareetan ere aukera zabala dute erosleek, eta atzo, hiru postuetan nahiko lan izan zuten saltzaileek, azken egunetako eguraldi epelak bultzatuta, baratzean lanean hasteko gogoz dagoelako jendea nonbait.

Bestela, ez zen atzo produktu berri gehiago ikusi, baba eta ilarraren ondoren, oraindik piska bat itxoin beharko delako horretarako. Hala ere, patata berria ere laster iritsiko dela esan zuten saltzaileek.

Bitartean, kanpoko patatarekin konformatu behar. Zuhaiztiko fruta saltzaileen postuetara iritsi ziren urteko lehenak, Andaluziatik, eta kiloa 1,95-2,25 euro artean erosi zitekeen. Postu horietara laster hezurdun frutak ere iritsiko omen dira.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Onddoak ere iritsi dira, gero eta ugariago den zizari laguntzeko