Hiru okin daude ferian, era askotako ogiak eta gozoak eskainiz
Udazkeneko eguraldia hasita, barazkien atalean geldialdia sumatzen da produktu berrietan
Tere Madinabeitia
Ordizia
Osteguna, 20 azaroa 2025, 01:00
Iritsi da azkenik udazkena. Aurreko asteekin alderatuta, hotzak lagunduta egin zen feria Ordizian, eta euria ere izan zen. Garai honetan egin beharreko eguraldia da, eta orokorrean, gustura hartu dute baserritarrek, oraingo hotza eta euria beharrezkoak direlako datozen hilabeteetako uztei begira.
Orain jasotzen ari denari erreparatuta, produktu berrien aurkezpena ia geldirik dagoela esan behar da, baina hala ere, astero izaten da berritasunen bat Plaza Nagusiko postuetan. Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallenesek aurkeztu zituen batzuk: kale aza lisoa edo cavolo nero motakoa, sorta 2 euroan; eta mizuna edo ziape hostoak, berdeak eta erraldoiak, sorta 1,8 euroan.
Eguneko beste berritasun bat mikologiaren atalean ikusi zen, kardu perretxikoa. Barcinak zituen 4 kilo, 22 euroan. Bestela, hau izan da perretxiko eskaintza: 160 kilo onddo (16-40 euro), 24 kilo mendiko angula (18-26 euro), 5 kilo niskalo (19 euro), 8 kilo saltsa perretxiko beltz (26 euro), 25 kilo ziza hori (28 euro), eta 8 kilo gorringo (14-30 euro).
Eta berriak ziren, baita ere, Zurutuza ahizpek salgai jarritako gailetak. Bereziak dira, azukrerik eta edulkoratzailerik ez dutelako, gozoak izan arren. Almendra eta espeltarekin egindakoak dira batzuk, eta almendrarekin eta sarrazenoarekin besteak. Ehun gramoko paketeak 2,5 euroan saltzen dituzte.
Ez dira horiek ferian saltzen diren gozo bakarrak, Plaza Nagusian postua duten hiru okinek ere beste mota batzuetako galletak, magdalenak eta pastak dituztelako. Baina okindegi berezi horietan ogia da protagonista.
Donostiako Uliako Labeak, Aldabako Aldaba Zaharrek eta Legazpiko Udanako Maite Iturbek saltzen dute ogia Ordiziako ferian, ixura erakargarria duten postuetan, sabelkeria pizteraino ia. Tamaina, forma eta osagai desberdineko ogiak dira, ekologikoak batzuk, eta ekologikoak izan gabe modu tradizionalean egindakoak besteak. Betiko gari zuria eta integrala, galzuria, kamuta, espelta, zekalea edo artoa dira osagai nagusiak, eta mahats pasak, girasol pipak, intxaurrak, kuiak, kuiatxoak, era askotako haziak, eta algarroba, osagarrietako batzuk. Moldekoa, barrakoa, forma tradizionalekoa edo opiltxoa da ogia. Glutenik gabea ere badago, txorizoz betea ere bai, baita zopakoa ere.