
Secciones
Servicios
Destacamos
Tere Madinabeitia
Ordizia
Jueves, 29 de mayo 2025, 02:00
Ordiziako feriara joan zirenak jabetuko ziren seguru aski gerezien garaia dela oraintxe bertan. Gutxi izango dira dagoeneko hori ez dakitenak, fruta dendetan hainbesteko aukera ikusita. Ba Plaza Nagusira ere iritsi dira, baina bertakoak, Gabiriako Oñatibi-txiki baserrikoak. Jose Antonio Elosegik aurkeztu zituen, kiloa 8 euroan jarrita. Sagarren salmenta denboraldia amaitu zenean hartutako atsedenaren ondoren itzuli da feriara gabiriarra, eta gereziekin hasi du denboraldi berria.
Gerezi alea txikiak zituen, gorriak eta gozo-gozoak. Azkar batean saldu zituen guztiak, hain estimazio handia dute eta. Datozen asteetan gehiago izango dituela iragarri zuen, eta sagarrekin laster hasiko dela ere bai, nahiz eta aurten iaz baino gutxiago izango dituela uste duen. San Joan sagarrekin hasiko omen da aste gutxi barru.
Berritasun gehiago ere izan ziren ferian, lore moztuen atalean, hain zuzen. Aitor Urritza bilobaren laguntza izan zuen Aramako Miren Jauregik lirio zuriak eta hortentsia urdinak zituen salgai, kala zuriekin batera, sorta 4 eta 5 euro artean. Eta herri bereko Maite eta Arantxa Zurutuzak lupinus izeneko lorea gehitu zuten aurretik zuten eskaintzara. Larrosak, peoniak, krabelin txinatarrak eta kalak zituzten aurretik bi ahizpa hauek, eta sorta 5 euroan saltzen zuten.
Asteazken honekoa, beraz, lore sorten eguna izan zela esan daiteke, baina feriak izan zituen bestelako protagonistak ere, landare postuetako erosle-ilarak, alegia. Izan ere, eguzki beroak eta datozen egunetarako pronostiko onek ikaragarri bultzatu dute landare salmenta. Erosleen joan-etorria etengabea izan zen goiz osoan zehar hiru postuetan.
Perretxiko eroslerik ere ez zen falta. Atal horretan, udaberriko zizaren eskaintza handia izan zen aipagarriena. Lasa, Barcina eta Barandiaranen artean guztira 300 kilo jarri zituzten salgai, eta beste kilo gutxi batzuk ere izan ziren Plaza Nagusian; kiloa 12 eta 33 euro artean zegoen. Gainera, 55 kilo onddo (22 eta 38 euro artean) eta 24 kilo ziza hori (18-25 euro) ere eskaini zituzten.
Bisitari ugari ere izan ziren. Durangoko jubilatuekin eta Alegiko ikasleekin batera, bi influencer ezagun izan ziren ferian: Iñaki Ibaibarriaga eta Cristina Caballero.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.