Borrar
Errefautxo landareak, Izagirreren postuan. D'ELIKATUZ
Eguraldiak asko ez badu laguntzen ere, landare berriak aukeran
Ordiziako Azoka

Eguraldiak asko ez badu laguntzen ere, landare berriak aukeran

Urteko lehen ardi gaztak saltzen hasi da Mikel Lasa, Nafarroakoak, Intza eta Olaztikoak, kiloa 22 euroan

Tere Madinabeitia

Ordizia.

Jueves, 30 de enero 2025, 01:00

Baratzak neguko atsedenean sartuta daude, eta produktu berriak iristeko oraindik falta da apur bat. Baina bitartean, badira egin daitezkeen lanak, haziak ereitea eta landareak aldatzea horien artean. Azken lan honetarako, Ordiziako feriak badu eskaintza hiru landare saltzaileen postuetan. Astero landare berriak iristen dira postu horietara, eta errefautxoarena izan da azkena. Asteazken honetan Montesek zuen salgai, 0,20 euroan bakoitza.

Landareak aipatuta, azken asteetan egindako euri eta hotzaren ondorioz, aldatze eta ereite lanak egiteko garairik onena ez dela esan zuten ferian baserritar batzuk. «Euri asko egin du, dena lokaztuta dago, eta ez dago ia baratzera sartzeko modurik. Eta euriaren ondoren izotza egiten badu, oraindik okerrago da lan horietarako». Baina orain negua izanik, halako eguraldia egin behar duela ere esan zuten, etsi puntu batekin.

Euria eta hotza egiteko garaia izateaz gain, sagarren salmentarena ere bada, eta azken asteetan, mota berriak ari dira azaltzen, ganbaretan ondo heltzen egon eta gero. Alpigala motako sagarraren txanda izan zen. Azal gorrikoa eta zapore gozokoa da, eta kiloa 3,5 euroan jarri zuen salgai Gabiriako Jose Antonio Elosegik.

Baina Ordiziako ferian berritasun guztiak ez datoz baratzetatik edo zuhaiztietatik, eta hor dago gazta, adibidez. Beste protagonista bat izan zen. Izan ere, iritsi da ardi gazta berria, Idiazabal jatorri izendapenik gabea oraindik, baina batek zioen bezala, «hemen, Idiazabal baino gazta gehiago ere badago!».

Gazta «suabeak»

Mikel Lasaren postuan jarri zituzten salgai denboraldi berriko lehen ardi gaztak, «suabeak» oraindik. Nafarrak dira biak, bata Intzakoa eta bestea Olaztikoa. Kiloa 22 euroan jarri zuten salgai. Hala ere, esan beharra dago oraindik badagoela iazko kanpainako ardi gazta, zaporez fuerteagoa, eta horren kiloa 18 eta 23 euro artean dagoeal salgai.

Plaza Nagusitik kanpo, bestalde, izan zen berritasun aipagarri bat, Zuhaiztiko fruta saltzaileen gunean, hain zuzen: baba. Lehen aipatutako eguraldi kontuengatik produktu hori ikusteko, bertakoa, oraindik asko falta dela entzun zen hainbat ekoizleren artean. Ba Valentziakoak jateko prest daude dagoeneko. Tolosako Iriarte aita-semeak zituzten salgai, kiloa 5,9 euroan. Aurrerantzean beste postuetan ere izango dira aukeran.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Eguraldiak asko ez badu laguntzen ere, landare berriak aukeran