Olaberriko kartingera joango dira bihar Bele Gazte Gaztelekukoak

EDURNE ALBIZUZEGAMA.

Uda iritsi den honetan, Zegamako Bele Gazte Gaztelekuan ekintza ugari antolatu dituzte 12-18 urte bitarteko gazteentzat. Bihar, Olaberriako karting zirkuitora joango dira. Uztailaren 9an, egun guztirako Urbiara mendi irteera egingo dute. Igerilekuan jolasak egitea izango da hurrengo ekintza, uztailaren 16an. Urtero bezala, bi egunetako irteera ere badute antolatuta, aurtengoan Sobron-go abentura parkera eta Burgosko herrixkak bisitatzera joango direlarik uztailak 22 eta 23an; bertan, kanoetan ibili, abentura parkeko zirkuitoa egin, Puron ibaiko haitzartean ibilaldia, Pedrosako ur jauzira bisita... egingo dituzte. Azkenik, kurtsoari amaiera eman asmoz, uztailaren 30ean murgizelai parkean afaria eta jolasak egingo dituzte eta egun honetan bertan, ikasturtean egindako ekintzen balorazioa egingo dute.

Gaztelekuko ordutegiari dagokionez, uztailean astearte eta ostegunetan egongo da irekita 10:30etatik 13:30etara (ekintzarik ez dagoen egunetan) eta abuztuan itxita egongo da.

Beraz, zer eginik badago aurtengo udan Zegaman. Ekintza guzti hauetan parte-hartu ahal izateko aurrez izena eman beharko da gaztelekuan.

'Lurrari kasu eginez', bihar

Bihar, 'Lurrari kasu eginez' ikus-entzunezkoaren emanaldia izango da Aitxuri Herri Eskolako gimnasioan 19:00etann. Ikus-entzunezkoan Aitxuri Herri Eskolako haur guztiek eta hainbat herritarrek parte hartu dute; haurrek biztanleei egindako elkarrizketak izanik protagonista.

Ikus-entzunezkoaren bitartez, herriko haur eta helduak konektatzea nahi zen eta bide batez fenologia zientzia lantzea, fenologia lurrari kasu egitean oinarritzen den zientzia baita. Bestela esanda, naturan urtero gertatzen diren aldaketek (loratzeak, lehen intsektuak agertzeak edota hegazti migratzaileen alde-egiteak) klimarekin duten lotura aztertzen du fenologiak.