Tolosa Goierri
Olaberria eta Armintzaren arteko pala desafioa biharJ. ZABALA
OLABERRIA.
Viernes, 13 de junio 2025, 20:27
Bihar, goizeko 10:00etatik aurrera, Olaberriako frontoia palazale eta pilotari zaleen topagune izango da. Gipuzkoako eta Bizkaiko bi herri historikoren arteko norgehiagoka berezia jokatuko da: Olaberria vs Armintza, hainbat kategoriatan eta larruzko paleta modalitatean.
Bi herriek tradizio handia dute palan. Olaberriak sei aldiz irabazi du Gipuzkoako Herriarteko txapelketa (2003, 2004, 2005, 2007, 2012 eta 2019), nahiz eta azken hiru urteetan parte hartu ez duen pilotari bat falta izan zaielako. Hala ere, egoera hori irauli da: gazteak indartsu datoz eta kalitate handia erakusten ari dira. Armintza, Bizkaiko kostaldeko herri xarmagarria, ez da nolanahikoa: bost Herriarteko ditu eta gaur egun hiru profesional ditu palako munduan — inork baino gehiago.
Biharko partidak ez dira lehiaketa hutsa izango. Lagunarteko topaketa gisa antolatu da, helburu bikoitzarekin: alde batetik, palari gazteek lehiatzeko aukera izan dezaten eta esperientzia hartu dezaten; eta bestetik, beteranoek ere frontoira itzultzeko aukera izan dezaten, lehengo lehia zahar haiek berriz bizitzeko.
Ekitaldia hainbat kategoriatan jokatuko da, belaunaldi ezberdinen arteko topaketa izanik. Giro ona, elkarlana eta pilotaz gozatzeko aukera izango dira goiz osoan zehar. Antolatzaileek adierazi dute asmoa ekimen hau Armintzan ere errepikatzea dela, elkartrukeak eta harremanak indartzeko.
Jai egunari amaiera ezin hobea emateko, pilotariek eta euren senideek bazkaria egingo dute herriko elkartean, familia giroa eta elkartasuna ardatz hartuta. Olaberriak eta Armintzak pilota bidez bat egingo dute igande honetan, kirola, adiskidetasuna eta herri giroa uztartuz. Herritarrak animatu dituzte frontoira hurbiltzera eta egun berezi honetan parte hartzera.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.