Oilaskoaren igoerarekin hasi ziren jaiak

Juan Kruz Igerabidek bota zuen txupinazoa. / NÚÑEZ
Juan Kruz Igerabidek bota zuen txupinazoa. / NÚÑEZ

NÚÑEZADUNA.

Adunako Andre Mari jaiak atzo hasi ziren Oilaskoaren igoerarekin. Herritar ugari hurbildu ziren arratsaldean plazara lehenengoz ospatzen zen ekitaldia ikustera. Aurten Kukurruku oilaskoa jaitsi zen kanpandorretik udaletxeko balkoiraino. Forasteruak kuadrilla izan zen atzokoan pregoia botatzeko arduraduna, kuadrillen eguneko paella prestatzeko arduradunak izango baitira, eta Juan Kruz Igerabide idazleak bota zuen txupinazoa guztiei jaietan ondo pasatzea opa ondoren.

Jarraian, guztientzako goxokiak bota zituzten balkoitik eta buruhandiak atera ziren haurrekin jolastera. Gainera, pintxoak eta sagardo-dastaketa egon zen herri-afariaren aurretik.

Gaur Andre Mariaren Jasokundearen eguna ospatuko da Adunan. Goizeko 7:00etan diana joko dute herrian zehar, eta 11:00etan Meza Nagusia ospatuko da. Eguerdian haurrek dantza emanaldia eskainiko dute, eta ondoren, Axeri dantza dantzatuko dute herritarrek.

Arratsaldean, Tio Teronen Semeak taldeak ikuskizuna eskainiko du 18:30ean. Ondoren, 19:30ean, bertso jaialdia izango da Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Unai Mendizabal bertsolariekin. Gai-jartzailea Amaia Agirre izango da. Gaueko 22:30ean 'Zoaz pake santuan!' antzerkia izango da.

Temas

Jaiak