Oilarraren jaitsierarekin hasiko dira ostiralean Orexako jaiak

Izer eta Alabier trikitilariek alaituko dute ostirala. /  YARZA
Izer eta Alabier trikitilariek alaituko dute ostirala. / YARZA

Bakailao eta pizza lehiaketa antolatu dute eta amaieran bazkaria egingo dute elkartean

YARZA OREXA.

Orexako jaiak datorren ostiralean, maiatzaren 3an, hasiko dira oilarraren jaitsierarekin. Goizeko 11:30ean txistulariek Diana joko dute herrian zehar eta jarraian, 12:30ean, oilarra jaitsiko da kanpandorretik udaletxeko balkoira. Jarraian, bakailao eta pizza lehiaketa antolatuko da eta amaieran bazkaria egingo da elkartean.

Bazkalondoren Andoni Oilokiegik kantaldia eskainiko du eta 18:30ean futbito partidua izango da, Orexako taldea Lizartzakoaren aurka. Iluntzeko 20:00etan pintxo potea egingo da Izer eta Alabier trikitilariek alaitua eta egunari amaiera emateko DJ Bullen emanaldia.

Larunbatean, maiatzaren 4an, 16:00etan Orexako eta Lizartzako erraldoiak kalejiran aterako dira eta ondoren txokolatada izango da. 17:00etan Ituño magoak emanaldia eskainiko du eta jarraian puzgarriak izango dira haurrentzako eta gaztetxoentzako. Iluntzeko 21:00etan herri-afaria egingo da. Egunari amaiera emateko Gabezin taldearen kontzertua eta DJ Bullen emanaldia.

Igandean izango da Orexako jaien azken eguna. Goizeko 11:00etan pilota partiduak jokatuko dira pilotalekuan. Arratsaldean, berriz, 18:00etan Andoni Egaña, Ane Labaka, Oihana Iguaran eta Aritz Mujika bertsolariek saioa eskainiko dute. Jarraian, sagardo-dastaketa izango da Isk&bila txarangak girotua eta amaieran oilarra berriro kanpandorrera igoko da.