San Nikolas Txikia kantu eskean ibiliko da bihar

Amets Albizu, iazko protagonista. /  A. ETXEBERRIA
Amets Albizu, iazko protagonista. / A. ETXEBERRIA

Luar Murgiondo Presa izango da aurtengo obispotxoa

A. ETXEBERRIA SEGURA.

San Nikolas Txikiaren festa ospatuko da bihar Seguran, abenduaren 6an urtero ohizko denez. Kantu-eskean aterako dira haurrak goizeko 10:00etan, aurtengo obispotxoa, Luar Murgiondo Presa, buru dutela. Urtero bezala, haurrek hartuko dute protagonismoa herriko kaleetan, San Nikolas Txikiarekin batera ohitura konplituaz.

Haur bakoitzak bere poltsatxoa gozokiez bete dezan ez diete hutsik egingo hainbat herritarrek eta zain egongo dira etxeetako leihoetan txikienen gozamenerako.

Eliza aurreko arboladian elkartuk dira goizeko 10.00etan eta, Luar sotanarekin jantzia, mitra buruan eta akuilua eskuetan, obispoaren agintea hartzen duenean, pottoka gainera igoko dute. Kale Nagusian behera abiatu eta Germanenera iristen direnean, kantu-eskeari hasiera emango diote.

San Nikolasen lehen erreguari «San Nikolas txikia gure ganbaran hazia...» abestiaz erantzungo diote ume guztiek, gero etxez etxe erritoa konplitu eta ahalik eta goxoki gehien biltzen saiatzeko.

Haurren jai honen harira, Segurako tarta eta Nikolas Txikiak erosteko aukera izango da aurten ere. Plazan eta Ardixarra etxean egongo dira salgai. Jai eguna osatzeko, ipuin kontaketa izango da Maite Frankorekin, 17:00etan, liburutegian.

 

Fotos

Vídeos