Musika izango da berriro ere protagonista aste honetan

Tailerretako ikasleen emanaldiarekin abiatu zen atzo arratsaldean aurtengo Musika Astea./ALARCIA
Tailerretako ikasleen emanaldiarekin abiatu zen atzo arratsaldean aurtengo Musika Astea. / ALARCIA

Atzo hasita, Musika Astea ospatuko da ostirala arte Lazkaon Lazkao Txiki Musika eskolaren eskutik

AINARA ALARCIALAZKAO.

Ikasturtea amaitzear dagoen honetan, emanaldiz beteriko musika astea antolatu du aurten ere Lazkao Txiki Musika eskola lazkaotarrak, urtero moduan. Atzotik hasi eta bost egunez, musika izango da protagonista Lazkaon, musika eskolako ikasle eta irakasleei esker. Urtero moduan, emanaldi ugari prestatu dituzte hauek lazkoatarrei ikasturtean zehar ikasitako guztia aurkezteko eta musika eskolan egiten duten lana jendeari erakusteko.

Tailerretako ikasleen emanaldiarekin abiatu zen aurtengoan Musika Astea atzo arratsaldean, Arerian, eta gaur, asteartea, instrumentu erakustaldia egingo da musika eskolan, sokazko instrumentuen eta soinu handiaren audizioa San Prudentzio ermitan, bateria audizioa musika eskolan eta piano eta gitarra audizioa kultur etxean.

Bihar, asteazkenarekin, trikitixako ikasleek eskainiko dute emanaldia musika eskolan, eta gitarra audizioa egingo dute ondoren musikari gazteek, toki berdinean. Ataungo konboek ere kontzertua eskaini behar zuten bihar Troskaeta tabernan baina maiatzaren 22ra atzeratu eta San Martin auzoko plazan izango dela jakin arazi digute musika eskolan.

Ostegunean instrumentu erakustaldia musika eskolan izango da eta gitarra, piano, xirula eta tronpeta audizioa egingo dute ondoren ikasleek. Musika eskola lazkaotarreko konboen kontzertuarekin amaituko dira egun honetako emanaldiak, frontoian.

Bukatzeko, ostiralean, kantu audizioa izango da udaletxeko arkupean eta piano eta gitarra audizioak emango dio errematea aurtengo Musika asteari kultur etxeko erakusketa gelan.

Matrikulazio epea zabalik

Musika aste honek adierazten du hain zuzen ere ikasturtea amaitzear dagoela eta, horrexegatik, matrikulak egiteko epea zabaldu du musika eskola lazkaotarrak datorren kurtsora begira. Izena emateko aukera egongo da, 2019-2020 ikasturterako, maiatzaren 31 bitartean; aste honetan barne matrikula egingo dute jada ikasle direnek eta 23tik aurrera ikasle berriek. Musika eskolako bulegora hurbildu behar da horretarako, udaletxeko eraikin berean dagoen kultur-etxeko bigarren solairura, astelehenetik ostegunera 11.00etatik 18.00etara.

Musika eskolak hiru ikasketa modulu eskaintzen dizkie ikasleei, hauen adinaren arabera. 'Musika eta Mugimendua' da lehenengoa eta lau eta sei urte bitarteko haurrei dago zuzendua. Lehen modulu honen bi helburu nagusiak, jolasaren bitartez, umeak duen potentzial musikala garatzea eta instrumentu bat aukeratzeko bere gaitasun espresiboa, musikala eta motriza lantzea dira.

Bigarren modulua zazpi eta hamaika urte bitarteko gaztetxoei zuzendua dago. Bost urteko iraupena du eta instrumentua eta ahotsa dira urte horietako musika-garapenaren ardatz nagusiak. Musika hizkuntza, musika irakurtzen eta idazten ikasteko bada ere, instrumentu, talde instrumental edo koru taldeetan praktikatzen hasten dira ikasleak.

Hirugarren modulua hamabi eta hamabost urte bitarteko nerabeei zuzendua dago, musikaren ezagutza sakondu nahi duten ikasleei. Instrumentuak eta ahotsa, teoria eta taldekako musikaren lanketa egiten da.

Adin desberdinetako ikasleei zuzendutako hiru tailerrek (musika hezkuntza goiztiarra, musikoterapia eta hirugarren adineko pertsonentzako musika tailerra) edo ikasketa formula bereziek, talde desberdinetan (konboak, trikitixa taldea, Xirula taldea...) parte hartzeko aukerak eta instrumentu desberdinaukelelea jotzen ikastekok jotzen ikasteko aukera zabalak (gitarra, baxua, pianoa, trikitixa, bioliña, batería... eta aurtengoan baita ukelelea ere) osatzen dute musika eskola lazkaotarreko ikasketa eskaintza.

Informazio gehiagorako musika eskolako bulegora jo daiteke, aurretik aipatutako ordutegian, edo 943086869 telefonora, lazkaotxikime@gmail.com helbidera zein www.lazkaotxikime.com web orrira.