'La mujer sola y la madre pasota' antzezlana gaur Arerian Urrup taldearekin

A.A. LAZKAO.

'La mujer sola y la madre pasota' Urrup antzerki taldearen lan berria da eta gaur, ostirala, Lazkaon ikusteko aukera izango da. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Lazkaoko Udalak antolatutako ekintzen baitan, doan izango da emanaldia, 21:30etik aurrera, Arerian.

Franca Rame eta Dario Fo-ren testuak moldatu dituen Rosa Rojoren zuzendaritzapean arituko dira beste behin Urrupekoak. Joanes Etxaide, Imanol Juanes, Eukene Lekuona eta Gorka Lariz ere antzezlaneko lantaldeko kide diren arren, bi izango dira oraingoan taula gainera igoko diren aktoreak.

Batetik Ana Mendia, «bakarrik dagoen emakumearen paperetik» arituko da. «Denetik du etxean, baina garrantzitsuena falta zaio: etxeko gizonen errespetua eta pertsona bezala merezi duen tratua jasotzea». Bestetik, Marisol Cavero «ama moderna bat» izango da, eta bizitzan zehar hartu dituen erabakiez jardungo du. Biak bakarrizketa formatuan ariko dira taula gainean.