Zaldibia

Mondejua eta artzaintza garaile izan dira Zaldibian

Eguraldi pattalarekin ere, jendetza bildu da plazan mondejua eta gazta dastatzera; ganadu erakusketarik gabe egin dute jaia, baina giro ikusgarrian

Josu Zabala

Domingo, 26 de octubre 2025, 15:25

Zaldibiarrek igande goizean ospatu dute Ardiki Egunaren XXX. edizioa, eta urtero moduan, herriaren gastronomia eta artzaintza izan dira jaiaren ardatz nagusiak. Mondejua, herriko ikur eta ondare kulinarioa, izan da berriro protagonista nagusietakoa, eta haren inguruan antolatutako Mondeju Lehiaketak eta Aralarko Gazta Lehiaketak jendetza bildu dute plazan, nahiz eta aurten ganadu erakusketarik egin ez den.

Publicidad

Ardiki Eguna 1994an sortu zen, mondejuari eta artzaintzari aitortza egiteko asmoz. Ordutik, herriaren nortasunaren parte bilakatu da, belaunaldiz belaunaldi transmititu den tradizio bati eutsiz. Iaz antolakuntza taldea berritu zen, 30 urtez lanean aritu zen kofradiak erreleboa gazteei eman ondoren; aurten, hamabost bat zaldibiar gazte aritu dira ekitaldiaren gidaritzan.

Aurtengo egitarauak ohiko osagaiak izan ditu: artisautza eta produktuen azoka, bertsolariak, bazkaria eta erromeria. Hala ere, abeltzaintza azokarik gabe egin behar izan dute, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek ezarritako prebentzio neurriak direla eta. Behien artean hedatzen ari den dermatosi nodular kutsakorraren ondorioz, azaroaren 30era arte debekatu dira ganadu erakusketak.

Hala eta guztiz ere, festa giroa nagusi izan da. 21 mondejugilek hartu dute parte Mondeju Lehiaketan, eta hiru sari nagusi banatu dira: Beko Karnizeriak eskuratu du lehen postua, Mendizabaldarrak bigarrena eta Irune Oiarbidek hirugarrena. Bestalde, 27. Aralarko Gazta Lehiaketan Garoa Gaztandegia izan da garaile, bigarren postua Josu Aldasororentzat eta hirugarrena Zelaieta Elkartearentzat.

Sari banaketaren aurretik, omenaldi hunkigarria egin diote Ramon Gorostizuri, egurrezko tresnak eskuz egiten egindako urteetako lan eta konpromezuagatik. Eguraldi nahiko pattala izan arren, Zaldibiako plaza postuz, bizilagunez eta bisitariz bete da, mondejua dastatzeko eta herriko giroaz gozatzeko asmoz.

Publicidad

Zaldibiarrentzat, Ardiki Eguna ez da soilik azoka bat: herriaren nortasuna eta belaunaldi arteko lotura bizirik mantentzeko tresna baliagarria da.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad