Tolosaldea
Mintzalaguna egitasmoa prest dago dagoeneko ikasturte berrirakoEuskara praktikan jartzeko elkartuko dira ikasturte honetan ere eskualdeko biztanleak astean ordubetez
Amaia Núñez
Tolosaldea.
Astelehena, 6 urria 2025
Ikasturtea hastearekin batera, Mintzalaguna egitasmoa martxan jarri dute berriz. Euskara lagunartean praktikan jartzeko egitasmoa da, Tolosaldean hainbat herritan daude sortuta taldeak dagoeneko eta parte hartu nahi dutenek izena emateko epea irekita dute Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteko webgunean. 'Eta euskaraz egiten badugu?' lemapean, lehen hitzak euskaraz egitea bultzatu nahi dute.
Mintzalaguna taldeetako partaideak astean behin elkartzen dira. Helburua da hizktaldi lasaian, lotsa gainditu, akatsak egiteari beldurra kenduz, eta hizkuntza ohiturak aldatu eta erabileran urratsak ematea. Taldeak euskara hobetu nahi duten bidelariek eta dagoeneko hiztun diren bidelagunek osatzen dituzte.
Tolosaldeko hainbat herritan sortu dituzte taldeak; besteak beste, Amasa-Villabonan, Tolosan, Ibarran, Zizurkilen, Iruran eta Anoetan. 100 mintzalagun inguru dira, 20 talde baino gehiagotan banatuta. Hala ere, ikasturte honetan herri gehiagotan ere osatu nahi dituzte. «Egitasmoan dabiltzan lagunek ekarpen oso garrantzitsua egiten diote euskararen biziberritze prozesuari. Benetako aktibista linguistikoak dira eta musutruk, modu boluntarioan eta bere onena emanaz egiten duten ekarpen hau, behar-beharrezkoa dugu erabileran aurrerapausoak ematen jarraitzeko», aitortu zuten izena emate kanpainaren aurkezpenean.
Azken urteotan 100 mintzalagun inguruk parte hartu dute egitasmoan, 20 talde baino gehiagotan
Asteroko hitzorduaz gain, ekintza osagarriak antolatzen dituzte beste talde batzuekin. Horrela, urtero, eskualdeko herriren batera bisita gidatua egiten dute: iaz Tolosako bitxikeriak ezagutu eta mokadutxo bat jatera joan ziren JO Topagunera, eta duela bi urte Fagus, Alkizako interpretazio zentrora egin zuten bisita. Gainera, eskualdetik kanpora ere joaten dira, Durangoko Azokara edota sagardotegira, besteak beste.