Mikel Arteaga, alkateordea legealdi berrian

AMAIA GOIKOETXEAAMEZKETA.

Udaleko lan arlo ezberdinetako ardurak banatu eta udal antolamenduari dagozkion zenbait neurri hartuta, abian da Amezketan 2019-2023 legealdia. Iñaki Amundarain alkateak, ekainaren 17ko Ebazpenaren bitartez, Mikel Arteaga Zabala zinegotzia izendatu zuen Amezketako alkateorde, eta hilaren 25eko ebazpenaren bitartez udaleko lan arloetako ardurak banatu zituen zinegotzien artean.

Banaketa horren arabera, Alaitz Labaien Tolosa honako arloen arduradun izango da legealdi berrian: Gizarte Zerbitzuak eta Hirugarren Adina, eta Berdintasuna. Alkateorde izango den Mikel Arteagak beste hauen ardurak ditu bere gain: Gazteria, Udal komunikazioa, Hezkuntza, Turismoa eta Kirola. Iñaki Arandia Odriozola Kultura eta Euskara arloez arduratuko da. Miren Arantzazu Karrera Karrerak Landa Eremua eta Ingurumena izango ditu bere esku. Eta azkenik, Hirigintza eta Obra eta Zerbitzuetako arloak Iñaki Amundarainek berak kudeatuko ditu.

Bestalde, joan den uztailaren 5ean egindako osoko bilkuran erabakitakoaren arabera, Udalbatzarra eta Informazio Batzorde Orokorra hilabeteko azken ostegunean eta azken astelehenean bilduko dira hurrenez hurren, arratsaldeko 19:00etan.

Azkenik, Udalak kaleratutako oharrak dioenez, Iñaki Amundarain alkateak orain arteko dedikazio eta ordainsari berarekin jarraituko du legealdi berrian ere, alegia, %46ko dedikazio partzialarekin eta 1.754,71 €ko ordainsariarekin (kopuru gordina eta 14 hilekotan). Zinegotzi guztiek, berriz, hileko 100€ko kalte-ordaina izango dute, lehen bezalaxe, udalbatzarretan eta batzordeetan parte hartzeagatik.