San Martingo organoa prest udako ekitaldietarako

Eate Abesbatzako kideek uztailaren 20ean San Martingo elizan ospatuko den kontzertuan parte hartuko dute. /
Eate Abesbatzako kideek uztailaren 20ean San Martingo elizan ospatuko den kontzertuan parte hartuko dute.

Ataungo organo barrokoaren nazioarteko XIII. jaialdia uztailaren 20an izango da | Ana Belén García organistak, Mixel Ducau eta Thierry Biscary abeslariek, eta Eate abesbatzak parte hartuko dute

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOATAUN.

Aurtengo udarekin batera, San Martingo organoa prest dago hainbat kontzertu hartzeko. XVIII. mendeko organo hau Gipuzkoan daudenen arteko garrantzitsuenetarikoa da eta ataundarrek eta bisitariek beren doinuaz gozatzeko aukera paregabea izango dute hurrengo asteetan.

Uztailaren 20an izango da lehen kontzertua, Ataungo organo barrokoaren nazioarteko XIII jaialdiaren baitan, 18.00etan. Bertan parte hartuko dute Ana Belén García organo-jotzaileak, Mixel Ducau abeslari eta albokariak, Thierry Biscary abeslari eta perkusionistak, eta Ataungo Eate Abesbatzak. Guztien artean hamabi obra interpretatuko dituzte.

Ana Belén García andoaindarra Donostiako Santa María del Coro Basilikako organista titularra da. Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan bukatu zituen pianoko eta klabizenbaloko goi-mailako ikasketak eta Musikenen organo ikasketak Esteban Landartekin, eta horrez gain ikasten jarraitu du aditu askorekin. Nazioarteko hainbat jaialditan hartu du parte bakarlari eta laguntzaile gisa, musika barrokotik hasi eta musika garaikidera arteko errepertorio anitza interpretatuz.

Mixel Ducau (ahotsa, gitarra, ttunttuna eta alboka) gazte-gaztetatik ibili da musika munduan eta tresna asko jotzen ditu, besteak beste, gitarra elektrikoa eta akustikoa, saxofoia, banbuzko klarineta eta albokotea. 1974ean Errobi sortu zuen, euskal lehen rock taldea Anje Duhalderekin. Ordutik musika munduan jarraitu du hainbat artistarekin lanean. 2008an Oreka TX taldean hasi zen eta egun ere bertan dihardu.

Thierry Biscaryren kasuan, talde askotako kantaria izan da. 2006an Katia eta Marielle Labéque pianista ospetsuak ezagutu zituen eta haien Ravelen Boleroa proiektua lantzen hasi zen. Ondoren, Kalakan taldea sortu zuen 2009an eta hainbat musikarirekin lan egin du.

Musikari hauekin guztiekin batera, Ataungo Eate Abesbatzako abeslariek hartuko dute parte kontzertuan. 1994ean sortua, hamabi urteko ibilbidea izan zuen, 2006 arte. Hamar urte ondoren indartsu eta berritua bueltatu zen taldea eta 38 kidek osatzen dute (24 emakume eta 14 gizonezko), Maximo Aierberen zuzendaritzapean.

Abuztuan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan, Andrés Cea organo-jotzaileak kontzertua eskainiko du hilaren 4ean. Hurrengo egunean, nazioarteko ikastaroan parte hartzen duten organo-jotzaileek bisita egingo dute.