Mari Tere Munduate eta Sagrario Aranburuk botatako txupinazoaren hasi ziren jaiak

Plaza jendez goraino bete zen txupinazoaren unea bertatik bertara bizitzeko. /  ARGAZKIAK GOIKOETXEA
Plaza jendez goraino bete zen txupinazoaren unea bertatik bertara bizitzeko. / ARGAZKIAK GOIKOETXEA

Txorixo eta sardinez lagundutako sagardo dastaketa eta pilota partidak dira gaurko hitzordu nagusiak

GOIKOETXEA ALEGIA.

Urte luzez herriko erreferentzietako bat izan den janari denda baten ardura izan ostean, erretiroa hartzera doazen Mari Tere Munduate eta Sagrario Aranburuk piztutako suziriak eman zien hasiera atzo arratsaldean Alegiako jaiei. Herritarrei urteetan erakutsitako fideltasuna eskertzearekin batera, jaietan ondo pasatzeko gonbitea ere luzatu zuten suziria piztu aurreko hitzaldi laburrean. Txupinazorako giroa bero zegoen erraldoiek, buruhandiek, dultzaineroek eta trikitilariek egindako kalejirarekin. Txupinazoaren ostean Bartzelonatik etorritako Castellers de Vilafranca taldearen emanaldia izan zen plazan. Sekulako ikuskizuna eskaini zuten eta herritarrak aho zabalik egon ziren giza dorreei begira. Zahagiardoaren ostean, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Iker Zubeldia, Uxue Alberdi eta Beñat Iguaranekin bertso saioa izan zen Elizpe zinean, Mikel Artolak aurkeztuta. Gauerdian Skasti eta Bad Sound taldeen kontzertuekin eman zitzaion jarraipena festari.

Gaurko bigarren eguna bete-betekoa dator Alegian. Trikitilari eta dultzaineroen dianak esnatuko ditu alegiarrak eta lehen parrandaren ajea kentzeko, eguerdian jaietako ekitaldirik estimatuenetako bat izaten den sagardo dastaketa egingo da plazan, are estimazio hobea izaten duten txorixo eta sardina erreekin lagunduta. Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Zalbide, Aburuza eta Zabala sagardotegietako sagardoa izango da eta Irma Karrera eta Jokin Tolosa trikitilariek alaituko dute giroa. 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik aurrera haur parkea egongo da eskolako patioan.

Bazkalostean, Alegiako Goitibehera Jaitsieraren hirugarren ekitaldia jokatuko da. 15:30etik aurrera, Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioaren egutegiaren barruan sartzen den proba jokatuko da Galarreta baserrirako bidean behera. Ibilgailu berezi horiek ikusteko urtetik urtera gero eta jende gehiago biltzen da bide bazterrean.18:00etan profesional mailako pilota jaialdia jokatuko da Elorri pilotalekuan. Partida nagusiaren atariko modura, Alegiako pilota txapelketako finalak jokatuko dira. Kadeteetan Amiano eta Uzkudun Zubeldiaren eta Lizeagaren aurka ariko dira eta nagusietan, Eneko Labakak eta Aizpuruk Zubiriaren eta Garmendiaren kontra jokatuko dute. Profesional mailako partida nagusian, Iñaki Artolak Beñat Urretabizkaiarekin osatuko du bikotea, Lasoren eta Erasunen aurka jokatzeko.

Iluntzean Larraitz auzoko plazan egingo da zahagiardoa eta gauean duela urte batzuk arrakasta handia izan zuen Psycho Clown perkusio eta argi ikuskizun ibiltaria ibiliko da kaleetan. Gauerditik aurrera, Josu Rodriguez DJaren saioa izango da plazan.

Bulebarrean kontzertuak

Atzokoa egun handia izan zuten Bibalabirjen jaietan. Eguerdiko poteoa bazkariarekin lotu zuten gazteek eta handik aurrera ez zen girorik falta izan. Bazkalostean txarangarekin ibili ziren kalez kale eta gazteek mozorrotzeko egindako deialdiai jende askok erantzun zion, kolore berezia emanez. Gauean reggae musika izan zen nagusi Kultu Kultibo eta Dabuh Selektah&Lagunak taldeekin. Gaurkoari iluntze partean ekingo diote gazteek. Zahagiardoan bezperakoari guztiz buelta eman eta gauean hainbat talderen kontzertuak izango dira oholtzan, tartean kide alegiarrak dituen Koltxoi taldea. Horiekin batera ariko dira Antzarrak Perratzen eta Oztopo taldea. Biharkoa izango dute azken eguna jai hauek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos