San Lorentzo eguna, txakolina, pilota eta dantzarekin

Ikusleek gogoz txalotu zuten ikuskizuna. Ibarra eta Egaña izan ziren pilotarien botilero. Kantariko kideek girotu zuten plaza ingurua. / YARZA
Ikusleek gogoz txalotu zuten ikuskizuna. Ibarra eta Egaña izan ziren pilotarien botilero. Kantariko kideek girotu zuten plaza ingurua. / YARZA

YARZA IKAZTEGIETA.

Ikaztegietarrek herriko zaindariaren eguna ospatu zuten atzo egitarau anitzarekin. Goizean meza nagusiaren ondoren txakolin-dastaketa egin zen plazan. Eguraldi ona lagun, herritar ugari gerturatu ziren edari ezberdinak probatzera.

Arratsaldean, bertso-pilota mistoak ikusle ugari elkartu zuen frontoian. Mikel Olazabal eta Maite Ruiz de Larramendi pilotariek eta Andoni Egañak osatutako taldea Egoitz Amantegi eta Patri Espinar pilotarien eta Iratxe Ibarra bertsolariaren aurka aritu zen.

Partida berdindua izan zen 25-18 emaitzarekin amaitu zena Olazabal eta Ruiz de Larramendiren alde, eta ikusleek gogoz txalotu zituzten bai pelotarien tantoak baita bertsolarien bertsoak ere. Jarraian, Tio Teronen Semeak dantza taldeak 'Festamentua' ikuskizuna eskaini zuen plazan. Joan zen urtearen antzera, atzokoan ere plaza ikuslez bete zen taldearen emanaldiarekin, eta amaieran txalo zaparrada eskaini zieten.

Gaur kuadrillen eguna

Gaur larunbatean, Kuadrilen eguna izango da Ikaztegietako sanlorentzoetan. Goizeko 11:15ean Meza ospatuko da elizan, eta 11:30ean plazako Frontoi Txikiko Pelota Txapelketako finalak jokatuko dira. Ondoren, kuadrillen bazkarirako prestaketak hasiko dira.

Kuadrilla bakoitzak bere bazkaria prestatuko du. Bazkalondoren, mus txapelketa antolatuko da eta 17:30ean Eonian elektrotxarangarekin poteoa hasiko da. Arratsaldeko 19:30ean, kuadrillen arteko jolasak antolatuko dira.

Jarraian, kuadrillen afaria egingo da eta gaueko 23:30ean Oxabiren kontzertua hasiko da. Egunari amaiera emateko DJ Balda izango da Ikaztegietan.

Temas

Jaiak

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos