Liburutegiak ibilbide berria hasi du Larraulen

NÚÑEZ LARRAUL.

Larraulgo udal liburutegiak urteak daramatza martxan, baina gutxi erabiltzen zen zerbitzua zela ikusirik udalak aldaketa batzuk egitea erabaki zuen. Horietan nabarmenena dinamizatzaile berria kontratatzea izan zen, Nora Urbizu. «Lehen Aiztondoko dinamizatzailea astean behin etortzen zen, eta bina egun egoten zen Alkizan eta Adunan. Orain arratsaldero dago irekita liburutegia», dio Ander Leon zinegotziak.

Liburutegia udaletxeko eraikinaren azken solairuan dago kokatuta eta hiru gunetan dago banatuta. «Lehenengoan haurrentzako ipuinak eta irakurtzeko txokoa dago, erdialdean Kzgunea dago eta beste aldean maileguak hartzeko lekua dago», azaltzen du. Aldaketaren ondorioak jada nabaritu dituzte eta erabiltzaileak nabarmen igo dira, «lehen herritar askok ez zuten txartela ere». Egun astelehenetik ostiralera arratsaldeko dago irekita liburutegia, 16:30etik 19:30era. Liburutegia guztiz eraberritu ez bada ere, altzari berriak erosi dituzte, paretak margotu dituzte eta liburu guztiak katalogatu dituzte. «Dinamizatzailearekin batera egon ginen auzolanean. Sei mila liburu inguru kontatu genituen, berak katalogatzen zituen bitartean guk pegatinak jartzen genizkien».

Nora Urbizu liburutegiko dinamizatzailea izateaz gain, herriko eragileen arteko koordinazio lana ere egiten du, Guraso elkartea, jai batzordea, DINA7 elkartea, eta abarren artean. Gainera, herriko komunikazio arduraduna ere bada. «Herri txikia garenez denok gauden Whatsapp taldea osatu genuen bai udaleko berriak zein bestelakoak zabaltzeko, adibidez norbaitek jertseren bat aurkitzen badu norena den galdetzeko», dio. Azken solairuan, liburutegiaz gain lehen Bake Epaitegia zegoen, baina irisgarritasuna hobetzeko asmoz beheko solairura pasa dute, eta gela horretan ikasketa gela jarri dute, mahai eta aulkiekin. «Herriko gazteak lanak egitera etorri daitezke, edo bizilagunek bileraren bat egiteko tokia behar badute ere hori erabili dezakete», dio Leonek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos