Borrar
Usandizaga eta Agirre, sprint probako lehen bi sailkatuak. ZABALA
IX. Leharrei Mendia Lasterketak ez zuen hutsik egin ikuskizun ederra eskainiz

Goierri

IX. Leharrei Mendia Lasterketak ez zuen hutsik egin ikuskizun ederra eskainiz

Ehunka korrikalari, ikusle eta herritar bildu ziren Gabiriako plazan mendi lasterketaz gozatzeko

Martes, 8 de abril 2025

Eguraldi onak eta parte-hartze zabalak lagunduta giro ezin hobean gauzatu zen larunbatean IX. Leharrei Mendi Lasterketa, mendi festa bilakatuz. Lasterketa bi distantziatan jokatu zen: luzean, 24 kilometroko ibilbidea eta 1.300 metroko desnibel positiboa zuten korrikalariek; eta motzean, 15 kilometro eta 800 metroko desnibelarekin.

Lasterketa luzean, 161 korrikalari abiatu ziren 9:30ean Gabiriako plazatik, horietatik 16 emakume. Ibilbidea ez zen nolanahikoa: Murgil, Trapalata, Aizaleku, Otañu eta Learregi mendiak igo behar izan zituzten, eta horrek, erritmoa eta erresistentzia neurtzeko aukera eman zuen. Gizonezkoetan, Imanol Intza zumarragarrak ez zuen aurkaririk izan helmugan: 2 ordu, 4 minutu eta 52 segundoko denborarekin iritsi zen lehena, eta atzetik Mikel Insausti beasaindarra (2.07.58) eta Joxe Mari Errasti oriotarra (2.09.15) sailkatu ziren.

Emakumezkoen artean, Ainhoa Garikano tolosarrak irabazi zuen proba 2.30.01 denborarekin, eta atzetik oso gertu Maider Unanue aramarra (2.31.14) eta Irati Larrañaga usurbildarra (2.36.04) iritsi ziren. Garikanoren garaipena, gainera, balio handikoa izan da, Goierriko Trail Kopako puntuak kontuan hartuta.

Sprint distantzia lehiatua

Lasterketa motza 10:00etan abiatu zen, eta bertan 115 korrikalari lehiatu ziren, 31 emakume barne. Murgil, Aizaleku eta Learregi igo behar izan zituzten, 800 metroko desnibel metatuz. Gizonezkoetan, Mikel Usandizaga aiarra izan zen azkarrena, 1.15.02ko denborarekin. Haren atzetik helmugaratu ziren Xabier Agirre (Idiazabal, 1.15.32) eta Mattin Odriozola (Oiartzun, 1.17.34).

Emakumezkoetan, berriz, Eider Zubeldia amezketarrak ez zuen zalantzarik utzi: 1.35.53ko denborarekin eskuratu zuen garaipena. Bigarren Maddi Elizasu (Andoain, 1.38.04) eta hirugarren Intza Urrestarazu (Ordizia, 1.42.46) sailkatu ziren. Zubeldiak, gainera, garaipen honekin bere nagusitasuna berretsi du sprint distantziako Goierri Kopa sailkapen nagusian.

Umeen proba, festa osatzeko

Lasterketa motza abiatu aurretik, umeek hartu zituzten Gabiriako kaleak. Ohikoa bihurtu den moduan, hiru adin tarte ezberdinetako haurrek hartu zuten parte herriguneko zirkuituan: 2019-2022, 2016-2018 eta 2009-2015 artean jaiotako gaztetxoek. Giro alaia eta parte-hartze handia izan zen haurren lasterketetan ere, mendi lasterketarekiko zaletasuna belaunaldi berrietara ere iristen ari dela erakutsiz.

Leharrei gainera, Goierriko Trail Koparako laugarren puntuagarria izan da. Trail distantzian, emakumezkoetan Maider Unanue (290 puntu) nagusi da. Gizonezkoetan Koldo Galarreta (248 puntu) mantentzen da lehen postuan, Andoni Jaka (208) eta Garikoitz Nuñez (194) atzetik dituela. Sprint distantzian, berriz, Eider Zubeldiak (380 puntu) du lidergoa emakumezkoetan. Maite Murgia (312) eta Maddi Elizasu (188) bigarren eta hirugarren dira. Gizonezkoetan, Mattin Odriozola (370 puntu) da nagusi, Julen Balerdi (252) eta Mattin Intxausti (209) atzetik dituela. Kopako hurrengo lasterketa maiatzaren 11n iritsiko da Seguran (14,5 eta 25 km).

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco IX. Leharrei Mendia Lasterketak ez zuen hutsik egin ikuskizun ederra eskainiz