Lazkaotarren oroimenean beti

Lekuko. Lazkao Txikiren buruhandiaren aurrean dantzan aritu ziren Oin Arin taldeko gazteak. / ALARCIA
Lekuko. Lazkao Txikiren buruhandiaren aurrean dantzan aritu ziren Oin Arin taldeko gazteak. / ALARCIA

Lazkao Txiki bertsolaria omendu zuten atzo, urtero moduan, bere heriotzaren urteurrenean | Gerriko Kultur Elkarteak, Goierriko Bertso Eskolak, Lazkao Txiki Musika Eskolak eta Oin Arin dantza taldeak parte hartu zuten ekitaldian

AINARA ALARCIA LAZKAO.

Hogeita sei urte pasatu dira jada Joxemiel Iztueta 'Lazkao Txiki' hil zenetik, 1993ko apirilaren 3an, baina bere bizilagunek maitasunez oroitzen jarraitzen dute oraindik bertsolaria. Atzo, argi utzi zuten berriro lazkaotarrek ez dutela pertsonaia maitatu hau ahaztu eta urtero moduan, omenalditxoa eskaini zioten. Giro ederrean, musika izan zen protagonista eguerdi partean Lazkaon, aurtengoan ekitaldia plazako pilotalekuaren babesean ospatu behar izan zen arren, iragarrita zegoen euriak festa zapuztu ez zezan.

12:30ean hasi eta ordu betez, ez ziren bertso, kontu eta kantua faltatu Izaro Insausti kazetari lazkaotarrak zuzendutako ekitaldian, Lazkao Txiki berari gustatzen zitzaion moduan. Bertsolariaren irudira egindako buruhandia testigu, herritar ugari hurbildu ziren plazara, beste urte batez.

Oin Arin dantza taldeko kideek ireki zuten saioa, agurrarekin, eta hauek izan ziren baita ere hura ixteaz arduratu zirenak, erromerian; baina bertsolariaren izena daraman musika eskola lazkaotarreko ikasleak eta GoiBE Goierriko Bertso Eskolako kideak ere izan ziren eszenatokian. Tradiziozko bihurtu den salda dastatuz eman zioten amaiera ezin hobea lazkaotarrek ekitaldiari.

Ez zen atzokoa bertsolariaren omenez antolatu den ekintza bakarra. Ostiralean bertso afaria izan zen Lazkaomendin eta asteazkenerako haurren-tzako jolasak antolatu dituzte.