Lazkaomendin ospatuko dituzte San Prudentzioak asteburuan

Buruhandiak Lazkaomendira igoko dira asteburuan./A. ALARCIA
Buruhandiak Lazkaomendira igoko dira asteburuan. / A. ALARCIA

Gaurtik hasita, hamaika ekitaldi antolatu ditu festa batzordeak

AINARA ALARCIALAZKAO

. Bost eguneko festa egitarauaren ondoren Lazkaomendik hartuko du gaur Lazkaoko jaien lekukoa eta San Prudentzioek bertan izango dute jarraipena hiru egunez. 18.00etan izango da gaur txupinazoa, Lartxai elkartetik, eta talo tailerra eta karaokea izango dira gero bertan.

Bihar, Lazkaomendiko txirrindulari proba, mus txapelketa eta pilota erakustaldia egingo dira eta puzgarriak eta pailazoak izango dira Pipasen haurrentzako. Buruhandiak ere hurbilduko dira Lazkaomendiraino eta erromeria animatuko dute Ansorregi eta Lurtxundio trikitilariek. 21:00ak aldera auzo afaria egingo da Lartxai elkartean eta afalostean Tapia eta Leturiak jarriko dute musika Itxurrenen eta Ansorregi eta Lurtxundiok berriro Pipasen.

Igandean berriz, jai giroa Itxurrene inguruan izango da. 10:30ak inguru iritsiko dira bertara Amalur eta Ikastolako mendi taldekoak, Lazkaoko plazatik abiatuko den mendi ibilaldiaren amaieran, eta hamaiketakoaren ondoren haur jolasetan gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, Lazkao Txiki musika eskolako trikitilariekin eta Oin Arin dantza taldeko kideen laguntzarekin.

Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze bertsolariek eskainiko dute ondoren saioa eta 12:30etan meza nagusia ospatuko da ermitan.

Bazkal ondoren herri kirolak ikusteko aukera izango dute Itxurrenera hurbildutakoek eta iluntzean erromerian dantzatzekoa, Izar eta Alabier trikitilariekin, festei amaiera emateko.