Lazkaoko Udalak 7,6 milioi euroko aurrekontua izango du aurten

Urtean zehar agenda erakargarria eskaintzeko esfortzua egingo da. Irudian, Baserri Eguna /  DV
Urtean zehar agenda erakargarria eskaintzeko esfortzua egingo da. Irudian, Baserri Eguna / DV

Kiroldegian igerileku estali eta aldagela berriak exekutatzeko partidak ere izandatu ziren urteko azken plenoan

AINARA ALARCIA LAZKAO.

Lazkaoko udalak 7.679. 842 euroko aurrekontua onartu zuen 2019 ekitaldirako urteko azken plenoan eta aldi berean, 2018ko aurrekontuen kargura, 4.200.000 euroko kreditu aldaketa ere onartu zuen. Kreditu aldaketa honekin, datozen urteetan kiroldegiaren birmoldaketaren bi fase berri gauzatu ahal izateko partidak izendatu dira, zehazki, igerileku estali berria eta igerilekuko aldagelak egokitzeko partidak. Lan hauek egiteko epea ekitaldi bat baino gehiagokoa izango da, hasten direnetik amaitzen direnera 18-20 hilabete behar izatea aurreikusten baita.

2019ko aurrekontuari dagokionez, orain arte legealdian markatutako lehentasunen eta lan ildoen bidetik jarraituko dutela adierazi du udalak. «Gizarte zerbitzuetara eta jarduera ekonomikora zuzendutako laguntzak mantendu egingo dira, eta baita etxeen alokairurako gazteei zuzendutako 20.000 euroko diru laguntza ere».

Bestalde, «urtean zehar ahalik eta agendarik erakargarriena eskaintzeko esfortzua egiten jarraituko du datorren urtean ere» eta, aldi berean, herriko eragileek antolatzen dituzten ekitaldietarako diru kopurua handituko da. Guztira, 50.000 euro bideratuko dira horretarako.

Gurutzeko urbanizazio berritzeko hirugarren faseari ekingo zaio, eta kiltir etxea egokituko da

Bide beretik egingo da kirol alorrean ere eta «azken urteetan kirol jarduerek izan duten bilakaeraren jakitun», datorren urterako diru laguntzen zorroa handitu egingo da baita ere, 36.000 euro arte.

Inbertsio nagusiak

Inbertsioei dagokienez 1,3 milioi bereizi ditu Udalak 2019rako. Ekitaldiko proiektu nagusietako bat, diru kopuruari dagokionez, Gurutzeko urbanizazioa berritzeko lanen hirugarren fasea izango da (150.000 euro). Lur azpiko garaje gehiago eraikitzeko proiektuarekin batera gauzatzea da Lazkaoko udalaren nahia eta exekuzioa datorren urte amaieran hastea aurreikusten da, Gurutze 1-2 guneko urbanizazioa eta lur azpiko garajeak amaitutakoan. Guztira, lan hauek 875.000 euroko kostua izango dutela kalkulatzen da.

Honez gain, beste egitasmo batzuk ere gauzatuko dira 2019ko aurrekontuaren barruan, «gaur egungo ingurunea eta herriko ekipamenduak mantentzera eta hobetzera bideratuta». Hala nola, azken bi urteetan egin den lanari jarraipena emanez, herri argiteria LED sistemara egokitzen joateko 50.000 euro bideratuko dira eta landa lurreko argiteriaren berritze lanak egiten hasteko 20.000 euro.

Bestetik, Lazkaoemendiko Lartxai elkarteko frontoi txikiaren aurrea txukuntzeko eta umeentzako jolasak jartzeko 25.000 euro bideratuko dira eta haur parkeetako hobekuntzak egiteko, eta hala badagokio parkeren bat estaltzeko, 150.000 euro.

Hirigoien eta Zubizkitza

Udalaren zein herritarren beharrei erantzuna eman ahal izateko udaletxeko bilera gelen egokitzapenerako 40.000 euroko inbertsioa egingo da, Kultur etxean egokitzapenak egiteko 35.000 eurokoa, Orobioneko ile-apaindegiko egokitzapenetarako 10.000 eurokoa eta beneditarren artxiboan espazio beharrei erantzuteko 15.000 eurokoa.

Oinezkoen ibilbideak eta bertako irisgarritasuna hobetzeko, Hirigoien kalean eta Zubizkitza aldeko urbanizaziorako 220.000 euro bideratuko dira, eta Mikelar 4-5 etxe sarrera ingururako 96.000euro; San Jose auzoko berdeguneak atontzeko 15.000 euro, Iturgaitzagako eta Larreategiko guneetan garatzen ari den urbanizazioetarako 185.000 eta 80.000 euro, hurrenez hurren, eta futbol zelaiko aparkalekua txukuntzeko 30.000 euro.

Azkenik, kiroldegiko gihartze gela handitzeko eta egungo kantxako teilatua berritzeko 85.000 euro erabiliko dira, kiroldegiko gihartze gelarako makinaria berria erosteko 40.000 euro, igerileku estali gabeko zoruan hobekuntzak egiteko 20.000 euro eta kiroldegiko frontoiaren erabilerari etekin gehiago ateratzeko helburuarekin, ezker pareta mugikor baten diseinurako 10.000 euro.

 

Fotos

Vídeos